Category Archives: Albiste ofiziala

“Bertso ezkutua” lehiaketako irabazleak

Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalean banatu genuen aldizkarian “bertso ezkutua” lehiaketatxoa atondu genuen. Bertsoa falta zitzaizkion bokalak jarrita osotu behar zen eta nork botatakoa zen asmatu.

Bertsoa honako hau zen:

Eskerrik asko bertsozaleok
goxoki eta apalki
nahiz ta txapela ta sari hauek
beti zerbait erabaki
bertsolaritzak denok nahi dugun
bidea badaramaki
hemen falta den Amurizak behin
esan zuen hain ederki:
“Herri bat ez da sekula hiltzen
kantatzen baldin badaki”.

Bertso hau Jokin Sorozabalek 1989ko txapelketan botatakoa da, finalean,  lehenengoz parte hartu zutenen artean lehen sailkatuari emandako saria jasotzean.

Bertsoa asmatu dutenen artean zozketa egin eta hona hemen etxean Txapelketa Nagusiko DVD bikoitza jasoko dutenen zerrenda:

  • Amaia Larrarte
  • Xabier Arrojo
  • Joseba Barandiaran
  • Elene Etxaniz
  • Maider Zubizarreta
  • Ziortza Arrien
  • Asier Legarreta

Txapelketa Nagusiko DVD bikoitza kioskoetan

Bertsolari Txapelketa Nagusiaren bertsoak DVD bikoitzean jaso ditu Bertsozale Elkarteak eta gabon jaietan salgai izango da kioskoetan. Salneurria 12 eurokoa da eta Berria egunkariarekin batera erosi ahal izango da.

Final-laurden, finalaurreko eta finaleko bertsoen hautaketa batzen  du DVD bikoitzak.

bertsotan_unai

Gabon oporretan, errege ostera arte, Berriaren eskutik banatuko da DVD bikoitza. Urtarriletik aurrera, berriz, Lanku Bertso Zerbitzuak bere ekoizpen lanak banatzeko Euskal Herrian zehar dituen liburudendetan.  Dena dela, www.lanku.com webgunean ere eskariak jasoko dira.

Maialen Lujanbio urteko azken Hitzetik Hortzeran

hh Zinema pantaila baten aurrean, finaleko unerik ederrenak elkarrekin berrikusiz, elkarrizketatuko dute txapelduna

Abenduaren 13a ez dute inoiz ahaztuko ez Maialen Lujanbiok ezta BECen bildu ziren 14.500 zaleek ere. Egun hunkigarria izan zen eta txapeldunak nola bizi izan zuen jakingo dugu asteon. Finalean bizitakoaz, bere ibilbideaz eta bertsogintzaz gogoetak konpartitu ditu Lujanbiok ‘HH’ko erredaktoreekin. Elkarrizketa mamitsua eta sentitua eskaini die txapeldunak eta ohikoa baino iraupen luzeagoa izango du urteko azken programa honek. Osoa irakurri »

Txapelketaren finalari buruzko saio berezia eskainiko dute ETB2an

Abenduaren 13an BEC-en egin zen Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalari buruzko saio berezia emango du ETB2k ostiral honetan, gauez, eta igande goizez.

Euskal Herriko Bertsozale Elkarteak eta Digitalak ekoitztetxeak elkarrekin ekoiztu dute ordu t’erdiko saioa. Finalean zuzeneko grabaketa egin zen, Xabi Paia bertsolariaren zuzendaritzapean. Aurkezle lanetan, Anne Igartiburuk jardun zuen eta aditu bezala Jon Sarasua eta Jon Martin bertsolariak.

etb2koa

Ordu t’erdiko saioan, Txapelketa  Nagusiaren finalari errepasoa egingo diote erdaldun jendeari bertsoa eta bertsolaritza ulertzeko azalpenak emanda. Horretarako, Xabi Paiak bertso batzuen itzulpena ere egin du.

Adituen azalpenez gain, bertsozale ezagunen iritziak eta sentsazioak ere jaso dira; besteak beste, Pedro Migel Etxenike zientzilaria, Karlos Argiñano sukaldaria, Unai Elorriaga idazlea, Amaia Zubiria abeslaria eta Arantza Urretabizkaia idazlea.

Emisio egun eta orduak:

  • Abenduak 18,  ostirala,  gaueko 23:55etan
  • Abenduak 20, igandea, goizeko 10:45etan.

Bertsoplaza.tv-en dituzue finaleko bertsoaldi onenak

Joxe Agirrek Maialen Lujanbiori txapela jarri zion uneko irudiak ikus ditzakezue hemen; baita Joxe Agirrek abestutako bertsoak entzun ere.  Finaleko gainontzeko bertsoaldi onenak  www.bertsoplaza.tv-en ikusi eta entzun ditzakezue.

Esperientzia ahaztezina Mallorcako glosadoreentzat

Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalean Valentzia, Katalunia eta Mallorcako inprobisadoreak Bertsozale Elkartearen gonbitez izan ziren. Kataluniar hizkuntzara itzulpena eginez jarraitu zuten goizeko eta arratsaldeko saioak. Finala amaitutakoan erakutsi ziguten beren eskerrona eta esperientzia ahaztezina bizi izan zutela. Baina hori beraien blogean jasota utzi dute egunotan.

Hona hemen lotura:

mallorkako_glosadoreak

Finala bukatu bezain laister prentsaurrekoa eskaini zuten bertsolariek

Lujanbiok jantzi du txapela, final gogoangarri batean

Maialen Lujanbiok Bertsolari Txapelketa Nagusia irabazi du, BECen jokatutako final gogoangarrian. Emozioz eta kalitatez beteriko saioan, azken buruz burukoan Amets Arzallus eta Maialen Lujanbio izan dira nor baino nor, eta azkenean hernaniarrak eskuratu du orain dela zortzi urte ihes egin zion txapela. Lujanbio Txapelketa Nagusia irabazi duen lehen emakumea da. Joxe Agirre bertsolari beteranoaren eskutik jaso du txapeldun berriak txapela.

maialen_joxeweb

Saioa ederra izan da, eta bertsozaleek ia zoratzeraino gozatu dute oholtza gainean entzundakoarekin. Lujanbio eta Arzallusek maila bikaina erakutsi dute, baina gainerako bertsolariek ere ikuskizun ederra eskaini dute. Azkenean, Jon Maiak egin du hirugarren.

Andoni Egañak bertsolari gazteenen indarraren aurrean amore egin behar izan du eta erreleboa gertatu da. Azkenik, laugarren egin du txapeldun handiak eta esana zuen moduan aurreratu du ez dela berriz arituko Txapelketan. Egañak entzuleen babesa eta maitasun adierazpenak jaso ditu etengabe.

Iragarrita zegoen moduan, lepo bete da Barakaldoko BEC aretoa, 14.500 lagunek segitu dute finala bertatik bertara. Eta etxean sarrerarik gabe direnek ere ez dute aukera galdu nahi izan eta telebistaz zein internetez izugarrizko jarraipena izan du Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalak.

Areto barruan, giroa itzela izan da. Zutituta eta txalo zaparrada handi batez hartu dituzte ikusleek zortzi finalistak; hortik aurrera festa handi bat izan da finala. Bertsolarien jarduna etengabeko txaloez eskertzeaz gain, hainbat momentutan BEC osoak olatu ezaguna egin du.

Olentzerotarako txapelketako dvd bikoitza

Bertsolari Txapelketa Nagusiaren bertsoak DVD bikoitzean jasoko ditu Bertsozale Elkarteak gabonetarako. Salneurria 12 eurokoa izango da.

Final-laurden, finalaurreko eta finaleko bertsoen hautaketa bat argitaratuko du. Abenduaren 24rako, Berria egunkariarekin batera erosi ahal izango da kioskoetan.

dvda

Gabon oporretan, Berriaren eskutik banatuko da DVD bikoitza. Urtarriletik aurrera, berriz, Lanku Bertso Zerbitzuak bere ekoizpen lanak banatzeko Euskal Herrian zehar dituen liburudendetan. www.lanku.com webgunean ere eskariak jasoko dira.

Eguerdira arteko saioko argazki errepasoa

Hona hemen Bertsolari Txapelketa Nagusiko argazkilarietako batek, Galder Izagirrek, eguerdira arteko argazkietatik egin duen aukeraketa. Horietako asko, BEC-eko sabaitik ataratakoak dira.

  • Bertso saio hautatuak bertsoplaza.tv-n
  • BARAKALDO

    Bertsolaria Puntuak
    Maialen Lujanbio 1630,75
    Amets Arzallus 1582
    Jon Maia 1060
    Andoni Egaña 1058
    Unai Iturriaga 1046,25
    Sustrai Colina 1037,5
    Aitor Mendiluze 1009,25
    Aitor Sarriegi 983,75
  • Eskura ezazu txapelketari buruzko informazioa sakeleko telefonoan eskuratzeko argibideak


Iradoki Presentzia & Komunikazioa