-
BARAKALDO
Bertsolaria Puntuak Maialen Lujanbio 1630,75 Amets Arzallus 1582 Jon Maia 1060 Andoni Egaña 1058 Unai Iturriaga 1046,25 Sustrai Colina 1037,5 Aitor Mendiluze 1009,25 Aitor Sarriegi 983,75 -
Lujanbiok jantzi du txapela, final gogoangarri batean
Maialen Lujanbiok Bertsolari Txapelketa Nagusia irabazi du, BECen jokatutako final gogoangarrian. Emozioz eta kalitatez beteriko saioan, azken buruz burukoan Amets Arzallus eta Maialen Lujanbio izan dira nor baino nor, eta azkenean hernaniarrak eskuratu du orain dela zortzi urte ihes egin zion txapela. Lujanbio Txapelketa Nagusia irabazi duen lehen emakumea da. Joxe Agirre bertsolari beteranoaren eskutik jaso du txapeldun berriak txapela.
Saioa ederra izan da, eta bertsozaleek ia zoratzeraino gozatu dute oholtza gainean entzundakoarekin. Lujanbio eta Arzallusek maila bikaina erakutsi dute, baina gainerako bertsolariek ere ikuskizun ederra eskaini dute. Azkenean, Jon Maiak egin du hirugarren.
Andoni Egañak bertsolari gazteenen indarraren aurrean amore egin behar izan du eta erreleboa gertatu da. Azkenik, laugarren egin du txapeldun handiak eta esana zuen moduan aurreratu du ez dela berriz arituko Txapelketan. Egañak entzuleen babesa eta maitasun adierazpenak jaso ditu etengabe.
Iragarrita zegoen moduan, lepo bete da Barakaldoko BEC aretoa, 14.500 lagunek segitu dute finala bertatik bertara. Eta etxean sarrerarik gabe direnek ere ez dute aukera galdu nahi izan eta telebistaz zein internetez izugarrizko jarraipena izan du Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalak.
Areto barruan, giroa itzela izan da. Zutituta eta txalo zaparrada handi batez hartu dituzte ikusleek zortzi finalistak; hortik aurrera festa handi bat izan da finala. Bertsolarien jarduna etengabeko txaloez eskertzeaz gain, hainbat momentutan BEC osoak olatu ezaguna egin du.
Olentzerotarako txapelketako dvd bikoitza
Bertsolari Txapelketa Nagusiaren bertsoak DVD bikoitzean jasoko ditu Bertsozale Elkarteak gabonetarako. Salneurria 12 eurokoa izango da.
Final-laurden, finalaurreko eta finaleko bertsoen hautaketa bat argitaratuko du. Abenduaren 24rako, Berria egunkariarekin batera erosi ahal izango da kioskoetan.
Gabon oporretan, Berriaren eskutik banatuko da DVD bikoitza. Urtarriletik aurrera, berriz, Lanku Bertso Zerbitzuak bere ekoizpen lanak banatzeko Euskal Herrian zehar dituen liburudendetan. www.lanku.com webgunean ere eskariak jasoko dira.
Eguerdira arteko saioko argazki errepasoa
Hona hemen Bertsolari Txapelketa Nagusiko argazkilarietako batek, Galder Izagirrek, eguerdira arteko argazkietatik egin duen aukeraketa. Horietako asko, BEC-eko sabaitik ataratakoak dira.










Mintzola Etxea
Esperientzia ahaztezina Mallorcako glosadoreentzat
Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalean Valentzia, Katalunia eta Mallorcako inprobisadoreak Bertsozale Elkartearen gonbitez izan ziren. Kataluniar hizkuntzara itzulpena eginez jarraitu zuten goizeko eta arratsaldeko saioak. Finala amaitutakoan erakutsi ziguten beren eskerrona eta esperientzia ahaztezina bizi izan zutela. Baina hori beraien blogean jasota utzi dute egunotan.
Hona hemen lotura: