-
BARAKALDO
Bertsolaria Puntuak Maialen Lujanbio 1630,75 Amets Arzallus 1582 Jon Maia 1060 Andoni Egaña 1058 Unai Iturriaga 1046,25 Sustrai Colina 1037,5 Aitor Mendiluze 1009,25 Aitor Sarriegi 983,75 -
Inpresio errimabakoak
Unai Elorriaga
Giroa alde batera utzita, olatuak alde batera utzita eta hamalau mila eta piku lagunen burmuin eferbeszenteak alde batera utzita (horrek ere honen neurriko beste hamazazpi artikulutarako emango lukeen arren), ahaleginduko naiz bertsolari bakoitzak gugan eragin zuena azaltzen. Ez dut egingo ordena alfabetikoan, ez dut egingo altuerari erreparatuta, are gutxiago lortu zuten postua kontuan hartuta, ez baitiot horri gehiegi ere begiratzen. Bertsoen logikari jarraituta komentatuko ditut.
Iruditu zitzaidan Sustrai Colinak inoizko finalik onena egin zuela. Oso bertso naturalak, gustura jarraitzen zirenak, distiraz zenbait puntutan. Baina inpresioa daukat Sustraik besteek egiten dutena halako bi (edo bost) egin behar duela puntuazio bera lortzeko. Inpresioa da.
Aitor Mendiluzeren bertsokera egunean-egunean estimatzen dut gehiago. Ondo harilkatua, alferreko ezer ez duena. Mendiluze existituko ez balitz, halako bertsolari baten zain egon beharko genuke. Inpresioa da.
Jon Maiak eta Unai Iturriagak urteetan eutsi diote euren mailari. Ez da erraza; Jon Maiak ez du galdu esateko era berezia, mundu ikuskera baten isla dena, eta Unai Iturriagak “bala bat mingainaren puntan” beti, berak esaten duen legez, entzuleari aulki ipurdira eginikotik saltoa eragiten dio oraindik ere. Inpresio bi dira.
Zer esango nuke Andoni Egañari buruz artean esan ez den zerbait esan nahi banu? Maisu handia da, arlo guztietan, baina ederra behar du inguruko bertsolariek egin zizkioten errespetu erakustaldiak jasotzeak. Eta hori gutxi balitz, hamalau mila eta piku lagunek “Andoni, Andoni!” oihuka bizian sentitzean ez zen oso deseroso egongo. Edozeinentzat ez litzateke amets txarra izango. Inpresio onirikoa da.
Aitor Sarriegik bertso dotoreak dezente utzi zizkigun eta aforismoak ere batzuk azken puntuetan. Ez da erraza bat-batean eta lehen finalean. Bejondeiola. Inpresioa oso oholtzatik apartekoa da.
Maialen Lujanbiori eskerrak eman behar zaizkio aspertu arte. Bertsolaritza modu bat eraikitzeko egin duen lanagatik. Hausnarketagatik. Baina nik ikaragarri eskertzen dizkiot azken puntutik kanpora, bigarren puntuan beharbada, edo lehenengo, bigarren eta hirugarren puntuak lotuta, sortzen dituen txinpartak, jolasak. Inpresio ludikoa da.
Askotan agertu dut nire miresmena Amets Arzallusekiko. Etorkizuneko bertsolaria da niretzat. Nahiko nuke 2049ko txapelketan ildo horretakoa izatea zortziak. Eta hura larridura autobuseko bertsoan geratu zenean… Eta jendea txaloka hasi zenean… Halako angustia moduko bat sentitu zuen ezkerrera egiten duen muskulu horretan, oholtzan ni banengo bezala, ordurako saio ikaragarri biribila lausotuko ote zuen horrek. Sailkatu zen hala ere. Gure eskuek Sebastian Gonzalezenak ziruditen gorriaren gorriaz. Inpresio eskukada da.
Igor Elortza ere bilatzen egon ginen oholtzatik, gehiegi argaldu ote zen pentsatu genuen eta distantziatik ez ote genuen ikusten. Fisikoki ez genuen ikusi, baina berak piztu duen bertsokera han zen, Aitor Mendiluzeren puntu batzuetan, Maialenen beste batzuetan, Ametsen beste batzuetan. Gustura eduki genuen inpresio estralurtar hori.
Bertsozaleek bidalitako argazkiak Galerian
Asier Arroita eta Ibai Alzaga bertsozaleak argazki kamara hartuta ibili ziren BEC-eko finalean. Galerian sareratu ditugu biek bidalitako argazkiak. Hona hemen, baina, adibide bana:
Asier Arroita
Ibai Alzaga
Gaueko eguzkiaz eta Sistemaren zaharkitzeaz
Ion Ansa
“Qualsevol nit pot surtir el sol” dio Sisa kantari kataluniarrak, euskara merkean “Edozein gautan irten daiteke eguzkia” litzatekeena. Txapelketa Nagusiaren finalari ikuspegi zabaletik begiratuta, “gabaz” bizi den herri baten eguzki argitsua izan zen BECekoa. Baina ez zen, ez, edozein gau izan: lan eskerga, emozio asko, eta nortasun kolektibo oso baten maratoiaren azken metroak izan ziren. Bertsozale Elkartea, bertsolariak eta bertsozaleak herri honen historia aldatzen ari dira. Horra arrakastaren benetako esanahia. Guztiari zentzua ematen diona. Barakaldoko finalaren traszendentzia sinbolikoa, erreala, artistikoa, politikoa, kulturala, soziala, linguistikoa… hitza hutsean erabilita lor dezakeen fenomeno kultural bakarra da bertsolaritza.
Eta Maialen Lujanbiok izan zuen lehiaz mozorrotutako festa honen txapela jazteko ohorea. Eta guk, bera ikusi, entzun eta berarekin gozatzekoa. Bertsolaritza herri honen historia aldatzen ari bada, hernaniarra bertsolaritzaren historia aldatzen ari da. Eta ekuazioak ondorio garbi batera garamatza. Maialen Euskal Herrian eta euskal herritarrengan eragin handienetakoa duen pertsonetakoa da. Eta hori, artearen bidez, kasu honetan bertsoaren bidez, lortu duen bakarretakoa.
Teknikaz, mailaz eta puntazioez baino, Lujanbioren ezaugarri horretaz hitz egingo nuke. Nago bertsoak botatzetik, bertsotan egitetik nahi bada, bertsolari jokatzera doan ibilbidea bera baino konszienteago ez duela inork egin azken hamarkadetan. Pertsona izateaz gain (eta oraingoz ez dugu froga zientifikorik bertsolariak pertsona ez direla esateko), emakume izateak horretan izan duen eragina ukaezintzat daukat. Eta badu bere lojika: zergatik izan da, hain zuzen emakume bat ibilbide hori guztia egin duena? Bere nortasuna kokatu duena, gauzak egin eta izateko zerbait berria ekarri dituena? Izan zitekeen gizonezko bat… baina ez zuen modu berean egingo.
Egaña, adibidez. Izan zitekeen eta bada. Koherentziaz, ez dugu “onena” esango. Bai handiena, lizentzia espaziala zilegi bazait. Bertsolaritza gaur egun den guztia bada, faktore asko eta asko zerrenda genitzake kausak aztertzerako orduan. Baina norbanakoak aipatu beharko balira bi izen datozkigu derrepente gogora: Xabier Amuriza eta Andoni Egaña. Bigarrena aurrekoaren ikasle aurreratu eta bikain mailan.
Nork egin du Euskal Herrian azken hogei urteotan Egañak baino gehiago bertsotan? Bertsolaritzari eman dion kategoria inoiz eskertu ahal ezingo dugun ondarea da. Amurizari esker egin zen bertsolari, Egañari esker egin dira beste guztiak. Ez bertsotan hasi, bertsolari baizik. Berak behartu dituelako hobetzera, gehiago ematera, bide berriak lantzera. Zarauztarraren eragina, autore mailan, belaunaldietan desagertuko ez den eragina izango da.
Handiek badute beti ezaugarri bat handi egiten dituena: gizatasuna. Andoni artista da oholtza gainean eta pertsona bikaina oholtzatik jaisten denean. Eta ez da bera asko ezagutu beharrik hori jakiteko. Bibrazioak iristen dira. Umiltasun harrigarriz eta artista handienek duten jakinminez jokatuko du dagoen lekuan dagoela. Niretzat handiena izaten jarraitzen du.
Eta, horregatik, azken bikoan ez ikustea kolpe sikolojiko latza izan zen niretzat. Baina goizeko saioan lehiatzera ez zetorren Egaña bat sumatu nuen. Eta arratsaldean saio bikaina eginda gutxitxo baloratua izan zena.
Ez zen hori gertatu Amets Arzallusekin. Arraro egingo da jaso dituen laudorio guztiak jasota kritika txar bat irakurtzea. Baina nik eskas ikusi nuen goizeko saioan. Hasi ere gaizki hasi zen: Zortziko Nagusian Sustraik eta berak ez zuten asmatu gaia enfokatzeko orduan. Doinutik hasita: nerabe bati “Haurtxo txikian” kantatzea ez da aukera egokiena, ezta hilerokoaren gainean halako drama eraikitzea ere… Zer esanik ez, kasu honetan Sustraik, 14 urteko alaba amonarengana bidaltzea! Eta horrela joan zitzaion goiza, bere maila eman gabe. Arratsaldean bestela gertatu zen, batez ere azken bikoan. Orduan ikusi genuen Ametsen potentziala. Horretarako meriturik egin gabe, azken bikora pasa eta aukera baliatu zuen, goi mailako bertsolaria izaki, arantza ederki asko ateratzeko. Bejondaiola, bada!
Hobea izan zen, askoz, Sustrai Colinak egin zuen saioa. Bertsotan ikaragarri egin zuen eta egiten du, eta horregatik da arraro final honetan, duela lau urtekoan nahiz iparraldekoan, hain puntuazio bajuak jaso izana. Badirudi, Ametsek baino hobeto egiten duenetan ere, haren atzetik geratzera kondenatuta dagoela.
Unai Iturriagak erakustaldia eman zuen. Goizeko lehenengo bi ofizioetan onena izan zen, baina arratsaldeko bakarkakoan luzitu zuen gehien. Hartu zuen bideak, eta bide horri eutsi zion bezala eusteak, bere ausardia adierazten dute. Ausardia eta zenbait pertsonajeren larrutik ere norberetik kantatzeko sentiberatasuna.
Jon Maiak ia dena egin zuen ondo, bakarkoetako betelanak eta puntukako saioko erritmoa izan ezik. Txapelketa honetan inoizko Maiarik onena ikusi dugu. Umorerako duen gaitasuna lantzeak, joera poetikoak baztertu gabe, konpletoago izatera eraman du Zumaiako bertsolaria.
Aitor Sarriegik oso saio ona egin zuen. Betiko dotoreziaz, erregular eta ondo aritu zen. Denetan, Egañarekin egindako saioa azpimarratuko nuke. Bukaeran jaso zuen puntuazioa ulertzen zaila egiten zait…
Aitor Mendiluze joskeraren magoa da. Ez dago teknika hori berak baino hobeto mendera dezakeenik. Bertsoaz dakienak ikaragarri gozatzen du bera entzunda. Ez dakidana da zergatik BECen ez duen bere maila ematen. Baina zenbatek nahiko luketen beretzat Mendiluzeren saio “ez hain on” bat! Kontuak kontu, beste ia finalista guztiak bezala, hor dabil finalez final.
Horren harira, Sustrai Colinak esana da urtero bat erortzen dela finaletik. Ez zait ez ona ez sanoa iruditzen finalistak hain gutxi aldatzea Txapelketa batetik bestera. Horiek “onenak” direlako daudela hor pentsa dezakek askok. Ez nago ados. Baina, hala balira, zergatik diren onenak galdetu beharko genieke geure buruei. Zergatik diren “onenak” beti bertsolari berak bertsolaritzan dibersifikazioa biderkatu eta gero eta bertsolari gehiago dauden honetan. Nola antolatzen dugun bertsogintza, ze Sistemaren arabera, eta gero zergatik den hori bestea(k) baino baloratuagoa zenbaki bat jarri behar zaionean.
Teorian eta batez ere praktikan, Txapelketak erabakitzen du zer den “ona” eta zer “txarra” (edo “ez hain ona” nahiago bada), eta horri “kalitate” marka bat jarriko dio. “Kalitate” hitzaren atzean ezkutatzen den falaziak garamatza “elite” bat sortzera. Zentzu horretan, “elitea” (“kalitatea”-rekin batera) bertsolaritzaren baitan ezarri den ideolojia pozointsua da. Antibertsolaritza. Antiartea. Baina gauzak egiteko modu oso bat justifikatzen duena bere horretan.
Eta, kuriosoa da, baina bertsolaria horretatik askatzen denean, autore jokatzen duenean, hasten da gauza interesgarriak egiten. Gero horiek “kalitate” labela pasa edo ez. Label hori beste irizpide batzuen arabera erabakitzen baita. Eta horrek frustrazio bikoitza eragin lezake: “elitea”-n ez daudenak baloratuak ez daudelako, eta “elitean” daudenak ez direlako baloratuak beharko luketenagatik baloratuak. Zorionez, bertsolaritza, pixkanaka baina, hasi zaio horri buelta ematen, ez eskaparate nagusian, Txapelketan denak berdin jarraitzen baitu, Bertso Egunean ere bai, Jaialdi handietan ere bai… Baina bi norabidetan ari da aldatzen: “elitean” ez daudenek gero eta gutxiago egon nahi dute “elite” horretan, eta, kritiko izateaz gain, bide berriak jorratu dituzte; bestalde, “elitekoek” beren autore jarrerak aldarrikatzen dituzte gero eta gehiago.
Horrek guztiak baikor izatera narama. Baina Sistema horrek hor dirau oraindik. Eta, asko jota hamar urteren barruan ipurdiz gora jarriko den uste sendoa badut ere, oraindik argitzeko dago hori nola gertatuko den. Guk, Bertsozale Elkarte bezala, ikusi behar dugu nola bihurtu dibersifikazioa arazo baino aukera, batetik; eta, bestetik, erabaki behar dugu nola suizidatzen dugun behin betiko “elite” eta “kalitate” binominoa, alegia, nola egiten garen garai berrien jabe, zaharkituta geratu eta bertsolaritzaren dinamika berri, fresko, eta ikaragarri aktiboaren periferia bihurtu aurretik.
Euskaldun jendearen pozak eta negarrak
Xabier Mendiguren Elizegi
Badira hitz batzuk esateko lotsa izaten garenak, erabiliaren erabiliz gastatu egin direlako, zabartu edo. Adibidez, gutako norbait “jatortzat” hartuko bagintuzte, esan duenaren begietara begiratu behar, laudorioz ala irainez ari zaigun jakin nahian. Gutxitan esaten den beste hitz bat etorri zitzaidan atzo gogora, Barakaldoko BECen txapelketaren beroan nengoela; hitz parea, hobeto esanda: euskaldun jendea.
Irakurri al duzue inoiz esamolde hori egunkarietan? “Euskal gizartea” esango dizute politikariak, kazetariak, tertulianoak… edo jendartea, edo populua, edo euskal herritarrak, eta bakoitzak jakingo du horrekin juxtu zer esan nahi duen; “euskaldungoa” esango dizu euskalgintzako profesionalak, esanahi zehatzagoz, edo hiztun komunitatea, edo auskalo zer, ez ordea aspaldiko esamolde xume hori: “euskaldun jendea”.
Berbamodu hori “Isil-isilik dago” kantuan ezagutu genuen, aspaldi, eta mila aldiz kantatu ere bai: “Hau dek hau dek hau dek umorea, kontsolatzeko kontsolatzeko euskaldun jendea”. Oraintsu, berriz, Ruper Ordorikak errekuperatu digu, Mikel Laboari eskainitako abestian: “Euskaldun jendea negarrez dago, Eskiulatik Berangora, sekulabelardiko kantari, zure ahotsa entzun guran”.
Kantu horietan bezala, barre eta negar egin zuen euskaldun jendeak Santa Lutzi egunean, oholtzara igotako zortzi bertsolariekin batean. Baina ez bakarrik hori: jan eta edan ere gogotik egin genuen, euskaldun jendeak ohi duen bezala, goizean goizetik hasita: neure aurrean, behintzat, zahato ardoa suelto zebilen ezker-eskuin, eta erretzea debekatuta egon arren, txirririk ere ez zen falta izan (ez lege zaharreko baizik molde berriko euskaldunen ohitura bihurtua); nork kruasanak, nork fruitu lehorrak, batek bonboiak, besteak patata paketea… Euskal piknik antzeko bat bizi genuen, soinu-banda eta guzti.
Baina, ebanjelioan bezala, atzo inportanteena ez zen jan-edana, espirituaren hazkurria baizik, eta horretan bai ez ginela baraurik gelditu. Aukeran, gaien menuan desoreka apur bat zegoela esango nuke: ofizioetako nahiz bakarkako gai guztiz gehienak izan ziren serioak, batzuetan dramatikoak ere bai; umorerako bidea ematen zuten bakarrak goizeko 8ko txikikoa eta arratsaldeko puntukakoa izan ziren. Inguruan zebilen neska bati aditu nion moduan, “gai erotiko-festibo gutxi”. Eta ez etorri esanez hori ere euskaldun jendearen ezaugarria dela; izatekotan, vayasemanita-ko vascoena.
Gaien seriotasunarekin batera, kontu labaina den arren, lerratze politikoa aipatu beharko. 8ko nagusiko nahiz bakarkako gai zenbaitek eta kartzelako biek ia berez zekarten aukera ideologiko batetik kantatu beharra, eroso jardutekotan. Hori al da euskaldun jendearen ikuspegi bakarra? Bistan da ezetz, baina bai han bildutako jende gehienaren buru-bihotzak inarrosten dituena, txaloek eta oihuek erakusten zuten moduan (urrutira joan gabe, nire atzean eseritako beste neska bat etengabeko negarrean aritu zen bisabiserako biluzarazi nahi dutenaren ariketan). Halakoak zenbateraino neurtu, horra txapelketa osoa hain ongi antolatu duen elkarteak hausnartu beharko duen puntua.
Eta txapelketaz ari garenez, gatozen bada txapeldunagana. Honezkero hainbat kronika eta kritika kaleratu direnez, ez naiz hasiko saioa komentatzen, baina esanda utzi nahi nuke (ez nintzen alferrik ibili bertsoak banan-banan paper batean puntuatzen) hasieratik amaiera arte nabarmendu zela Lujanbio, eta ondo merezita irabazi duela txapel beltza: dirdira bat eransten zien bertso gehienei, dela abstrakzioen ordez xehetasun eta horniduraz aberastuz, dela besteenak baino gogoeta sakonxeagoak oparituz. Denak aritu ziren ondo, oro har, eta bertso txarrik ez zen izan egun osoan, baina hernaniarrak koxka bat atera zuen, eta bertso onak egiteaz gainera bertsokera bat nabarmenarazi zuen.
Horrez gainera, zer esan? Han bildutako euskaldun jende guztia poztu zela Maialenek txapela jantzi zuenean, guztiok nahiko genukeela besarkatu, eta halaxe egin genuela, nolabait ere, beste zazpi bertsolarien besarkaden eta gure txaloen bitartez. Garai berri bat, belaunaldi aldaketa, emakume baten lehen txapela, estilo desberdin bat… Gauza asko azpimarra litezke eta denak dira egia, baina nik, BECen bildutako euskaldun jendearekin batera, neure eskerron eta mirespena adierazi nahi nieke Maialeni, garaipenaren atarian gelditutako Ametsi, txapela halako dotoreziaz eraman eta galdu duen Andoniri, Jon, Unai, Sustrai eta Aitor biei, elkarteari, epaimahaiko, gai-jartzaile eta txapelketan lanean ibilitako guztiei, eta baita geure buruei ere, euskaldunen festa handi bat bizi izan baikenuen atzo, negarren bitartetz ere poz izugarria eman ziguna.
Gero, Ansio-ko metro geltokian, Gaztela aldeko kapelua zeraman gizon bat, Joxe Agirreren adin modukoa, andreari galdezka nondik azaldu zen hainbeste jende. Euskaldun jendeaz aparte, beste gizon-emakume asko bizi baita hemen. Baina hori beste kontu bat da.










Mintzola Etxea
Bertso-eskolei eskainitako ikus-entzunezkoa
Bertso-eskolei eskerrona adierazteko horra hor finalerako bereziki presetatuko kantua eta bideoa:
Eta hona hemen kantuan parte hartu duten bertsolari eta bertsozaleak: