Aita maitea

Ainhoa Aierbe – aktorea

aierbe Umetan, baserrira bidean, bertsoak egiten saiatzen ginen ahizpa, gure aita eta ni. Ondo pasatzen genuen furgonetan zahareña, “okurrente” izateko gure ahaleginean.

Baserrian, bertso saioak entzuten zituen gure aitonak irratian. Eta inguruko herriren batean bertso saiorik bazen, etxeko gizonek ez zuten aukera galtzen.

Aitaren eskutik joatea maite nuen.

Haren irribarrea ikustea maite nuen.

Bertsoa gustokoa zueneko onespen keinua eta miresmenezko komentarioak maite nituen.

Bazkalondoko tertulietan, adibide gisa izaten zituen mihi puntan bere bertsolari kuttunen burutazio, txiste xelebre eta kritika zorrotzak.

Eta nik gure aita maite nuen, eta haren bitartez nire herria.

Gaur, bat egin dut aitarekin, eta bizirik ikusi dut nire herria, gure herria.

Lehen aldiz izan naiz bertsolari txapelketa nagusian.

Sei mila euskalzale, sei poeta, kritikariak, artista ausartak, interes, miresmen eta errespetu osoz ikusten eta entzuten.

Sei mila lagun baturik “… hau ez da booma, ez fama, baizik urtetan ondo egindako lana” (Maialenen hitzetan) erne, gogotsu, unea elkarrekin konpartitu nahian.

Gaur sei mila izan dira, baina bi aste barru hamalau mila izango dira; beraz, Uxuek esan duena ere izango da: hauekin eta haiekin, eta joaterik izan ez dutenekin eta izango ez dutenen beste askorekin batera “…herri hau pizten baita”. Ea bada horrela eta Arkaitzi jarraituz “…batuta goazen askatasunaren bila”.

Hunkigarria benetan oholtzak eman duena eta txalogarria oholtzari begira zeuden ikusleen arreta, jarrera eta batzea.

Eskerrik asko “hainbeste urtetan hain ondo lan egin duten guztiei, lan hori bizirik mantendu eta mantentzen dutenei…”

Eta nigan hazi hau utzi izanagatik eskerrak zuri, aita maitea.

  • Bertso saio hautatuak bertsoplaza.tv-n
  • BARAKALDO

    Bertsolaria Puntuak
    Maialen Lujanbio 1630,75
    Amets Arzallus 1582
    Jon Maia 1060
    Andoni Egaña 1058
    Unai Iturriaga 1046,25
    Sustrai Colina 1037,5
    Aitor Mendiluze 1009,25
    Aitor Sarriegi 983,75
  • Eskura ezazu txapelketari buruzko informazioa sakeleko telefonoan eskuratzeko argibideak


Iradoki Presentzia & Komunikazioa