Amildegia ala txirrista?

JOXEAN AGIRRE

joxean_agirre_txikia

Behin igo nintzen Donostiako Beledromoan oholtza gainera “Bertsolari” aldizkariaren izenean finalista bati saria ematera eta bost-hamar minutu igaro nituen handik begira, bertsolari batek zer senti zezakeen irudikatzen.

Geroago, Otto Lidenbrock geologoaren inguruko zenbait gauza irakurri nituelarik (Vernek bere “Lurraren bihotzeraino”ko protagonista bihurtu zuen), ohartu nintzen amildegiek izutu bai, baina erakarri ere egiten gaituela. Islandiako Snellels sumendiaren ahoa ertzean jarri eta ilobari esplikatzen omen zizkion Lidenbrock-ek erakarpen horren arrazoiak.

Horrela zerbait gertatzen dela iruditzen zait bertsolari bat kantuan hasten den bakoitzean, amildegi horren ederra kantatzen digula alegia, baina diferentzia batekin, bertsolariak bi amildegi baititu, aurrean bata eta bere baitakoa bestea eta irudipena dut bi horietan ibiltzen dela sartu eta irten: jendearen espektatibarekin egiten du jolas batetik eta bere baitako hizkuntzaren, tradizioaren eta ideien magma horretan egiten du murgil ondoren. Badaude, noski, bertsolari suizidak ere. Eskolarteko Txapelketan ikusi ohi dira horrelakoak, izua gorabehera inolako heldulekurik, salbabidarik gabe sumendiaren ahora jauzi egiten dutenak.

Amildegiaren ertzari buruzko gogoeta horiek buruan nituela joan nintzen Zarauzko saiora eta Iker Zubeldiak zapuztu zizkidan guztiak. Berak ez du amildegirik, sumendi ahorik eta mendi errusiarrik ikusten. Izatekotan ere txirristak ikusiko ditu, zernahi gai jartzen diotela ere, umorearen errotara eramaten baitu eta atsegin hartuz bezala egiten baitu salto, beti jolaserako prest. Zarautzen beti bezain Zubeldia izan zen eta inoiz baino Silveirago izan zena, Xabier Silveira izan zen. Mila esker biei.

  • Bertso saio hautatuak bertsoplaza.tv-n
  • BARAKALDO

    Bertsolaria Puntuak
    Maialen Lujanbio 1630,75
    Amets Arzallus 1582
    Jon Maia 1060
    Andoni Egaña 1058
    Unai Iturriaga 1046,25
    Sustrai Colina 1037,5
    Aitor Mendiluze 1009,25
    Aitor Sarriegi 983,75
  • Eskura ezazu txapelketari buruzko informazioa sakeleko telefonoan eskuratzeko argibideak


Iradoki Presentzia & Komunikazioa