• Hemen zaude: Hasiera » Bloga » Gaueko eguzkiaz eta Sistemaren zaharkitzeaz

Gaueko eguzkiaz eta Sistemaren zaharkitzeaz

Ion Ansa

jon_ansa “Qualsevol nit pot surtir el sol” dio Sisa kantari kataluniarrak, euskara merkean “Edozein gautan irten daiteke eguzkia” litzatekeena. Txapelketa Nagusiaren finalari ikuspegi zabaletik begiratuta, “gabaz” bizi den herri baten eguzki argitsua izan zen BECekoa. Baina ez zen, ez, edozein gau izan: lan eskerga, emozio asko, eta nortasun kolektibo oso baten maratoiaren azken metroak izan ziren. Bertsozale Elkartea, bertsolariak eta bertsozaleak herri honen historia aldatzen ari dira. Horra arrakastaren benetako esanahia. Guztiari zentzua ematen diona. Barakaldoko finalaren traszendentzia sinbolikoa, erreala, artistikoa, politikoa, kulturala, soziala, linguistikoa… hitza hutsean erabilita lor dezakeen fenomeno kultural bakarra da bertsolaritza.

Eta Maialen Lujanbiok izan zuen lehiaz mozorrotutako festa honen txapela jazteko ohorea. Eta guk, bera ikusi, entzun eta berarekin gozatzekoa. Bertsolaritza herri honen historia aldatzen ari bada, hernaniarra bertsolaritzaren historia aldatzen ari da. Eta ekuazioak ondorio garbi batera garamatza. Maialen Euskal Herrian eta euskal herritarrengan eragin handienetakoa duen pertsonetakoa da. Eta hori, artearen bidez, kasu honetan bertsoaren bidez, lortu duen bakarretakoa.

Teknikaz, mailaz eta puntazioez baino, Lujanbioren ezaugarri horretaz hitz egingo nuke. Nago bertsoak botatzetik, bertsotan egitetik nahi bada, bertsolari jokatzera doan ibilbidea bera baino konszienteago ez duela inork egin azken hamarkadetan. Pertsona izateaz gain (eta oraingoz ez dugu froga zientifikorik bertsolariak pertsona ez direla esateko), emakume izateak horretan izan duen eragina ukaezintzat daukat. Eta badu bere lojika: zergatik izan da, hain zuzen emakume bat ibilbide hori guztia egin duena? Bere nortasuna kokatu duena, gauzak egin eta izateko zerbait berria ekarri dituena? Izan zitekeen gizonezko bat… baina ez zuen modu berean egingo.

Egaña, adibidez. Izan zitekeen eta bada. Koherentziaz, ez dugu “onena” esango. Bai handiena, lizentzia espaziala zilegi bazait. Bertsolaritza gaur egun den guztia bada, faktore asko eta asko zerrenda genitzake kausak aztertzerako orduan. Baina norbanakoak aipatu beharko balira bi izen datozkigu derrepente gogora: Xabier Amuriza eta Andoni Egaña. Bigarrena aurrekoaren ikasle aurreratu eta bikain mailan.

Nork egin du Euskal Herrian azken hogei urteotan Egañak baino gehiago bertsotan? Bertsolaritzari eman dion kategoria inoiz eskertu ahal ezingo dugun ondarea da. Amurizari esker egin zen bertsolari, Egañari esker egin dira beste guztiak. Ez bertsotan hasi, bertsolari baizik. Berak behartu dituelako hobetzera, gehiago ematera, bide berriak lantzera. Zarauztarraren eragina, autore mailan, belaunaldietan desagertuko ez den eragina izango da.

Handiek badute beti ezaugarri bat handi egiten dituena: gizatasuna. Andoni artista da oholtza gainean eta pertsona bikaina oholtzatik jaisten denean. Eta ez da bera asko ezagutu beharrik hori jakiteko. Bibrazioak iristen dira. Umiltasun harrigarriz eta artista handienek duten jakinminez jokatuko du dagoen lekuan dagoela. Niretzat handiena izaten jarraitzen du.

Eta, horregatik,  azken bikoan ez ikustea kolpe sikolojiko latza izan zen niretzat. Baina goizeko saioan lehiatzera ez zetorren Egaña bat sumatu nuen. Eta arratsaldean saio bikaina eginda gutxitxo baloratua izan zena.

Ez zen hori gertatu Amets Arzallusekin.  Arraro egingo da jaso dituen laudorio guztiak jasota kritika txar bat irakurtzea. Baina nik eskas ikusi nuen goizeko saioan. Hasi ere gaizki hasi zen: Zortziko Nagusian Sustraik eta berak ez zuten asmatu gaia enfokatzeko orduan. Doinutik hasita: nerabe bati “Haurtxo txikian” kantatzea ez da aukera egokiena, ezta hilerokoaren gainean halako drama eraikitzea ere… Zer esanik ez, kasu honetan Sustraik, 14 urteko alaba amonarengana bidaltzea! Eta horrela joan zitzaion goiza, bere maila eman gabe. Arratsaldean bestela gertatu zen, batez ere azken bikoan. Orduan ikusi genuen Ametsen potentziala. Horretarako meriturik egin gabe, azken bikora pasa eta aukera baliatu zuen, goi mailako bertsolaria izaki, arantza ederki asko ateratzeko. Bejondaiola, bada!

Hobea izan zen, askoz, Sustrai Colinak egin zuen saioa. Bertsotan ikaragarri egin zuen eta egiten du, eta horregatik da arraro final honetan, duela lau urtekoan nahiz iparraldekoan, hain puntuazio bajuak jaso izana. Badirudi, Ametsek baino hobeto egiten duenetan ere, haren atzetik geratzera kondenatuta dagoela.

Unai Iturriagak erakustaldia eman zuen. Goizeko lehenengo bi ofizioetan onena izan zen, baina arratsaldeko bakarkakoan luzitu zuen gehien. Hartu zuen bideak, eta bide horri eutsi zion bezala eusteak, bere ausardia adierazten dute. Ausardia eta zenbait pertsonajeren larrutik ere norberetik kantatzeko sentiberatasuna.

Jon Maiak ia dena egin zuen ondo, bakarkoetako betelanak eta puntukako saioko erritmoa izan ezik. Txapelketa honetan inoizko Maiarik onena ikusi dugu. Umorerako duen gaitasuna lantzeak, joera poetikoak baztertu gabe, konpletoago izatera eraman du Zumaiako bertsolaria.

Aitor Sarriegik oso saio ona egin zuen. Betiko dotoreziaz, erregular eta ondo aritu zen. Denetan, Egañarekin egindako saioa azpimarratuko nuke. Bukaeran jaso zuen puntuazioa ulertzen zaila egiten zait…

Aitor Mendiluze joskeraren magoa da. Ez dago teknika hori berak baino hobeto mendera dezakeenik. Bertsoaz dakienak ikaragarri gozatzen du bera entzunda. Ez dakidana da zergatik BECen ez duen bere maila ematen. Baina zenbatek nahiko luketen beretzat Mendiluzeren saio “ez hain on” bat! Kontuak kontu, beste ia finalista guztiak bezala, hor dabil finalez final.

Horren harira, Sustrai Colinak esana da urtero bat erortzen dela finaletik. Ez zait ez ona ez sanoa iruditzen finalistak hain gutxi aldatzea Txapelketa batetik bestera. Horiek “onenak” direlako daudela hor pentsa dezakek askok. Ez nago ados. Baina, hala balira, zergatik diren onenak galdetu beharko genieke geure buruei. Zergatik diren “onenak” beti bertsolari berak bertsolaritzan dibersifikazioa biderkatu eta gero eta bertsolari gehiago dauden honetan. Nola antolatzen dugun bertsogintza, ze Sistemaren arabera, eta gero zergatik den hori bestea(k) baino baloratuagoa zenbaki bat jarri behar zaionean.

Teorian eta batez ere praktikan, Txapelketak erabakitzen du zer den “ona” eta zer “txarra” (edo “ez hain ona” nahiago bada), eta horri “kalitate” marka bat jarriko dio. “Kalitate” hitzaren atzean ezkutatzen den falaziak garamatza “elite” bat sortzera. Zentzu horretan, “elitea” (“kalitatea”-rekin batera) bertsolaritzaren baitan ezarri den ideolojia pozointsua da. Antibertsolaritza. Antiartea. Baina gauzak egiteko modu oso bat justifikatzen duena bere horretan.

Eta, kuriosoa da, baina bertsolaria horretatik askatzen denean, autore jokatzen duenean, hasten da gauza interesgarriak egiten. Gero horiek “kalitate” labela pasa edo ez. Label hori beste irizpide batzuen arabera erabakitzen baita. Eta horrek frustrazio bikoitza eragin lezake: “elitea”-n ez daudenak baloratuak ez daudelako, eta “elitean” daudenak ez direlako baloratuak beharko luketenagatik baloratuak.  Zorionez, bertsolaritza, pixkanaka baina, hasi zaio horri buelta ematen, ez eskaparate nagusian, Txapelketan denak berdin jarraitzen baitu, Bertso Egunean ere bai, Jaialdi handietan ere bai… Baina bi norabidetan ari da aldatzen: “elitean” ez daudenek gero eta gutxiago egon nahi dute “elite” horretan, eta, kritiko izateaz gain, bide berriak jorratu dituzte; bestalde,  “elitekoek” beren autore jarrerak aldarrikatzen dituzte gero eta gehiago.

Horrek guztiak baikor izatera narama. Baina Sistema horrek hor dirau oraindik. Eta, asko jota hamar urteren barruan ipurdiz gora jarriko den uste sendoa badut ere, oraindik argitzeko dago hori nola gertatuko den. Guk, Bertsozale Elkarte bezala, ikusi behar dugu nola bihurtu dibersifikazioa arazo baino aukera, batetik; eta, bestetik, erabaki behar dugu nola suizidatzen dugun behin betiko “elite” eta “kalitate” binominoa, alegia, nola egiten garen garai berrien jabe, zaharkituta geratu eta bertsolaritzaren dinamika berri, fresko, eta ikaragarri aktiboaren periferia bihurtu aurretik.

  • Bertso saio hautatuak bertsoplaza.tv-n
  • BARAKALDO

    Bertsolaria Puntuak
    Maialen Lujanbio 1630,75
    Amets Arzallus 1582
    Jon Maia 1060
    Andoni Egaña 1058
    Unai Iturriaga 1046,25
    Sustrai Colina 1037,5
    Aitor Mendiluze 1009,25
    Aitor Sarriegi 983,75
  • Eskura ezazu txapelketari buruzko informazioa sakeleko telefonoan eskuratzeko argibideak


Iradoki Presentzia & Komunikazioa