Onki xin!

Mikel Taberna

mikel_taberna Herriko lagunak gurera etorri ziren bazkaltzera igandean, Txapelketaren trenaren keari segika! Hasierako agurra Villamayorko ardo xuriarekin egin genuen. Etorria pizteko. Segituan atera genuen hamarreko handian solas egiteko gaia: osasuna. Mutilok prostatarenekin txapela irabaziko genuela sinetsiak geunden, baina neskek ez ziguten aukerarik eman, ginekologoaren kontsultekin hasi zirelarik. Batek anka bat Bitorian eta bestia Londresen pararazten dituztela bota zigun, eta guk hura plagioa zela. Baina deusetarako balio ez gure kexak! Geroxeago, mahaiaren bueltan, Xenpelarren sail hartako protagonistaren gaia platereratu genuen odolkitik ajoarrierora bitartean: lehengoak ala oraingoak hobeak? Zaharrak ala gazteak? Ardo klaseez ari ginen, jakina, zer uste zenuten. Villabuenako beltx ondua, Lakarko nafar gaztea, Orbaibarko apartsua… zein baino zein. Epaile gogorrak gu, baina xurrupa adina puntu eman genion bakoitzari, zer arraio! Dena dela, handik mugitu behar, eta senidetasun egokian joan ginen Anaitasunaraino, karrika-dantzan, zahatoa lepotik. Eta nahiko ongi saioan, baina bertsolari batzuek ezagun zuten ez zutela gure mahaian bazkaldu. Serio samar harrapatu genituen, finalerako txartelaren komeriekin. Eta antolatzaileak ere igualtsu, Iruñeko Udalak ez zuelako laguntzarik eman. Hemen bizi garenok usatuak gaituzte, eta paso, zeren ostiko bakoitxarekin animoa jaitsiko balitzaigu gradu bat, gaurgero hormatuak geundekeen aspaldi. Erresistentziarako deiak eta abar, baina gustatu zitzaigun Ametsen hasierakoa, Imanolen Ilun-ikaretan kantatua (berak ez du jakinen –edo bai- Felix Iñurrategi zenak erabili izanen zuela beharbada lehenbiziko aldiz, Nafarroako Txapelketa batean). Eta gauza franko gehiago ere bai. Hondarreko, adio erran genien denei, baina Iturriaga ez zen ohartu ere egin, oraindik balkoian zegoelako Ducadosa erretzen, begirada ondoko egiazko kartzelan galdua. Azkeneko agurra egitera Onki Xin ostatura joan ginen. Nora bertzela? Onki xin Iruñera, Txapelketa Nagusia!

  • Bertso saio hautatuak bertsoplaza.tv-n
  • BARAKALDO

    Bertsolaria Puntuak
    Maialen Lujanbio 1630,75
    Amets Arzallus 1582
    Jon Maia 1060
    Andoni Egaña 1058
    Unai Iturriaga 1046,25
    Sustrai Colina 1037,5
    Aitor Mendiluze 1009,25
    Aitor Sarriegi 983,75
  • Eskura ezazu txapelketari buruzko informazioa sakeleko telefonoan eskuratzeko argibideak


Iradoki Presentzia & Komunikazioa