-
BARAKALDO
Bertsolaria Puntuak Maialen Lujanbio 1630,75 Amets Arzallus 1582 Jon Maia 1060 Andoni Egaña 1058 Unai Iturriaga 1046,25 Sustrai Colina 1037,5 Aitor Mendiluze 1009,25 Aitor Sarriegi 983,75 -
Iruñerriko bertso-eskola
Igandean, Anaitasuna pabilioia atontzen talde handia bildu zen. Guztiak, Iruñerriko bertso-eskolako lagunak. Argazki hauek ere beraiek atera eta bidalitakoak dira.
Txapelketako erromesa
Ez dakigu Donejakue bidea egiten ibili eta Txapelketaren ohiartzunari jarraituz izan zen Anaitasuna pabilioian, ezta nondik etorria zen… baina erromes itxurako lagun hau bertsozaleon artean izan zen Iruñean.
Onki xin!
Mikel Taberna
Herriko lagunak gurera etorri ziren bazkaltzera igandean, Txapelketaren trenaren keari segika! Hasierako agurra Villamayorko ardo xuriarekin egin genuen. Etorria pizteko. Segituan atera genuen hamarreko handian solas egiteko gaia: osasuna. Mutilok prostatarenekin txapela irabaziko genuela sinetsiak geunden, baina neskek ez ziguten aukerarik eman, ginekologoaren kontsultekin hasi zirelarik. Batek anka bat Bitorian eta bestia Londresen pararazten dituztela bota zigun, eta guk hura plagioa zela. Baina deusetarako balio ez gure kexak! Geroxeago, mahaiaren bueltan, Xenpelarren sail hartako protagonistaren gaia platereratu genuen odolkitik ajoarrierora bitartean: lehengoak ala oraingoak hobeak? Zaharrak ala gazteak? Ardo klaseez ari ginen, jakina, zer uste zenuten. Villabuenako beltx ondua, Lakarko nafar gaztea, Orbaibarko apartsua… zein baino zein. Epaile gogorrak gu, baina xurrupa adina puntu eman genion bakoitzari, zer arraio! Dena dela, handik mugitu behar, eta senidetasun egokian joan ginen Anaitasunaraino, karrika-dantzan, zahatoa lepotik. Eta nahiko ongi saioan, baina bertsolari batzuek ezagun zuten ez zutela gure mahaian bazkaldu. Serio samar harrapatu genituen, finalerako txartelaren komeriekin. Eta antolatzaileak ere igualtsu, Iruñeko Udalak ez zuelako laguntzarik eman. Hemen bizi garenok usatuak gaituzte, eta paso, zeren ostiko bakoitxarekin animoa jaitsiko balitzaigu gradu bat, gaurgero hormatuak geundekeen aspaldi. Erresistentziarako deiak eta abar, baina gustatu zitzaigun Ametsen hasierakoa, Imanolen Ilun-ikaretan kantatua (berak ez du jakinen –edo bai- Felix Iñurrategi zenak erabili izanen zuela beharbada lehenbiziko aldiz, Nafarroako Txapelketa batean). Eta gauza franko gehiago ere bai. Hondarreko, adio erran genien denei, baina Iturriaga ez zen ohartu ere egin, oraindik balkoian zegoelako Ducadosa erretzen, begirada ondoko egiazko kartzelan galdua. Azkeneko agurra egitera Onki Xin ostatura joan ginen. Nora bertzela? Onki xin Iruñera, Txapelketa Nagusia!
“Zerbait esan eta orduan min”
Ion Ansa
Merkatuan oinarritutako bertsolaritzaren festa da Txapelketa Nagusia. Merkaturatuko diren produktu berrien eskaparatea, eta, batez ere, merkatuan lehendik daudenen birbaloratze esparrua. Txapelketan funtzionatzen duenak ia beti funtzionatzen du merkatuan. Salbuespenak salbu, badirelako kasu horretan ez daudenak.
Ez nago merkatuaren aurka. Bai sormena merkantilizatzearen aurka, arriskuz betetako bidea iruditzen zaidalako. Zer saltzen dugu? Hori erosiko digute. Pentsa dezagun horretan. Modelo bat mendi errusiar batean, bertsokera bat, sormena ulertzeko modu bat, estereotipo batzuk. Euskal Herriak duen kultur proiektu sendoenetakoaz gain, gauza asko ari gara eskaintzen: arrakasta, esaterako.
Kontu handiz tratatzeko gaia iruditzen zait. Arrakasta seduktore sorgina baita. Eta arrakasta arte herrikoiaren bikotekide naturala bada ere, arriskutsu bihurtzen da mamiz mozorrotzen denean. Komertziala dena ez baita, ona izanda ere, berez mamitsua. Biak nahasteak bide okerretik eramango gaitu sortzaile mugimendu bezala, baita trasmititzen ditugun baloreei dagokionean ere.
Merkatuak behar izan zuenean agertu zen Igor Elortza bertso mundura. Osinalde Elkarteko aulkian eserita oinak ia lurreraino heltzen ez zitzaizkiola jantzi zuen Txapela Gabirian. Bertso merkatuak gazteak behar zituen, eta gazteak aurkitzeko zortea izan zuen. Zortea diot, Igor bezalako bertsolariak milatik bat daudelako.
Eta, honela, bertsolaritza gaztetu egin zen. Merkatua eta bertso mugimendua bat zetozen ia ehuneko ehunean. Bertsotan ari zirenak ziren zirenak. Eta hortik kanpora ari zirenak ere bazeuden arren, ez ziren, urrundik ere, bertsolaritzaren gehiengo. Egun, ordea, egoera hankaz gora jarri da.
“Elite” (madarikatu izan bedi betiko hitz hori) deitzen dioten horrek merkatuaren zati bat baino ez du hartzen. Ausartuko nintzateke esatera bertso jaialdi handien ehuneko laurogeita hamar duela. Ez nengoke egitik urruti LANKUren bidez kudeatzen diren saioetako asko eta asko (eta estatistikak manipulatu gabe, zenbatek non eta zeinekin kantatzen duten kontuan hartuta) ere “elite” delakoak egiten dituela. Zer esan Bertso Egunean aritzen direnez… Eta Txapelketa Nagusiko finalaz.
Baina orain badago bizitza hortik kanpora. Gero eta gehiago, gero eta hobea, gero eta anitzagoa, gero eta esperimentalagoa eta berritzaileagoa. Eta gero eta gehiago dira bestelako merkatuetan erosoago sentitzen direnak. Beren bide propioa daramatenak, eta egiten ari diren horretaz harro sentitzen direnak. Dena txuria edo beltza ez dela kontuan hartuta, eta “elite”-ko bertsolariek askotan merkatu horretatik kanpora ere kantatzen dutela jakinda, esan daiteke, gaur egun, bertsolariak, “eliteko” izan edo ez, lehen baino askoz ere aukera gehiago dituela plazaratzeko, eta are gehiago, erabakitzeko nola, non, zeinekin, zertarako plazaratu nahi duen.
Igor Elortzak Txapelketa “norgehiagoka” baino “zergehiagoka” gisa ulertzen zuela esan zuen duela bi urte, eta, orain bai, bere hitzen manipulazio lotsagabea eginda, galdetuko nuke nola bereiz daitezkeen “zer” eta “nor”. Igorri, hain zuzen, Gernikako saioan zerbait eskertu banion “nor” hori “zer” horren aurretik jartzea izan zen.
Durangarrak duen bertsokerak, bertsoak josteko moduak, ironia finak… eta abar askok liluratu izan gaituzte beti. Gernikan, horietaz guztietaz gain, bukaerako agurrean laburtutako jarrerak zirraraz zizpriztindu zizkigun barrenak. Barruko dena eman eta gainera bustitzea eta pentsatzen duena esatea baino zer gehiago (eta hobeto) egin dezake bertsolariak? “Zerbait esan eta orduan min” dio Igorren kanta batek. Nigatik, segi dezala esaten. Finaleko aulkia galdu du Elortzak, baina esperientzia guztietan galdu eta irabazten da zerbait. Irrikitan nago honetatik Igorrek irabazi duena ikusteko.
Txapela kentzeko moduko saioa osatu zuen Beñat Gaztelumendik. Tamalez, ez da txapela jartzeko modukoa izango. Oso goitik hasi zen hamarreko handian, eta zortziko txikian pixka bat behera eginda ere, oso goitik segi zuen saio osoan. Beñaten kasua ederra da: eskolarteko urteak gainditu zituenean hasi zen bertsotan benetan zuena ematen. Eta maila ikaragarriko bertsolaria deskubritu zuen Gipuzkoak lehenengo, eta Euskal Herriak gero. Bere sekretua: talentua izateaz gain, ikasle ona izatea. Denetik eta denetaz ikasten du añorgarrak, ez kopiatzeko, aberastu eta hobetzeko baizik. Eta hori umiltasun jarrera batetik baino ezin da egin. Umila bezain intelijentea. Gernikan, nire iritziko, lehena behar zuen, alde politarekin gainera.
Jon Martinek zorte txarra izan du finalaurreetan jaso dituen epaiei dagokionean. Gernikan egin zuen saioak jasotako emaitzak, ni behintzat, zur eta lur utzi ninduen. Zortziko eta hamarreko txikietan oso ondo (erdarakaden langa non jartzen dugu? Horra eztabaida) eta kopletan bikain aritu ondoren, Deziman botatako lehen biak oso goi mailakoak iruditu zitzaizkidan. Hirugarrenean ez zuen potorik egin, errima solte bat utzi bai (lapsusa agerikoa zen, hala ere), baina ulertzen dut zaila dela hori epaitzea. Epaileak busti egin ziren eta 4,8-ko batezbestekoa jarri zioten oiartzuarraren lanari. Kuriosoa oso duela bi urte Ilunben 8tik gora baloratua izan zela ikusita.
Sustrai Colina espezialista da finaletan justu-justu sartzen. Finalaurreko bi saioak irabazita ere, ez du txartela ziurtatu oraindik. Gernikan pixka bat sufritu zuelakoan nago. Baina bertsotan erregular eta goi mailan egiteko gai dela erakutsi zuen, beste behin. Urruñarrak badu gustatzen zaidan ezaugarri bat: oportunismoa. Gertatzen denari adi, badaki abaguneak baliatzen (Gogoratu 2001eko finaleko argien joan-etorri hura), eta hamarreko txikian nahiz kopletan halaxe egin zuen. Kartzelan sinesgarri izatetik urrun geratu zitzaidan.
Sinesgarriagoa izan zen Miren Amurizarena. Saioan gorabeheratsu jardun zen, hamarreko nagusian eta kopletan pixka bat behera eginda, baina Txapelketa honetan egin duen lanaz oso harro egon daiteke berriztarra. Eskenatoki gainean duen jarrera eta erakusten duen naturaltasuna harrigarriak dira. BECen sartzeko arrisku latza du…
Jone Uriari, pena da, baina saioa soberan geratu zitzaion. Ziurrenik, mentalitatez ere ez zelako horretara joan. Asteleheneko matematika azterketan zegoela zirudien Jai-Alaiko oholtzan baino. Bere bertsokeraren formula, dena den, ez da matematiketatik eratorria. Hori ez baitute eskolan irakasten. Lehen entzunaldian dirudiena baino askoz ere bertsokera bereziagoa du algortarrak. Gaiei bigarren buelta bilatzen die, eta umorea egiteko bide zailenak jorratzen ditu. Horrelako bertsolariak, ez dakit “elitea”-ren merkatuan, baina bestelakoetan behintzat bai, arnasa bezain beharrezkoak dira. Bertsolaritza Txapelketa baino zerbait gehiago dela badakite, are gehiago oraindik.
“Zerbait esan eta orduan min” dio Igor Elortzak. Nire iritzi merkeek bat baino gehiago minduko zuten. Ez ditut asmo horrekin eman. Nik ere, beste horrenbestek bezala, bertsolariak miresten ditut, eta batzuk besteak baino gehiago, baina denak estimatzen ditut. Dena dela, horren gainetik, ez al zaizue iruditzen ordua dela bertsolaritzan tabu diren hainbat gaiz hitz egiten hasteko?










Mintzola Etxea
Finaleko haurtzaindegian izena emateko epea abenduaren 5ean amaituko da
Abenduaren 13an BECen egingo den finala egun osoko jarduna izango dela kontutan hartuz, Bertsozale Elkarteak doako haurtzaindegi zerbitzua eskaini nahi dizue bertsozaleoi.
Abenduaren 5era bitartean eman dezakezue izena. Horretarako, Elkartera deitu behar duzue 943 694129 telefono zenbakira.
Kontutan izan, baina, gutxieneko eskari kopuru bat jasoz gero eskaini ahal izango dugula zerbitzua.