-
BARAKALDO
Bertsolaria Puntuak Maialen Lujanbio 1630,75 Amets Arzallus 1582 Jon Maia 1060 Andoni Egaña 1058 Unai Iturriaga 1046,25 Sustrai Colina 1037,5 Aitor Mendiluze 1009,25 Aitor Sarriegi 983,75 -
Txapelketa, beharrezkoa den zentzugabekeria?
Ion Ansa
Arteak esaten du politikak, filosofiak eta zientziak oro har esan ezin dutena. Artea gure kontzientzi eta bihotzetan dagoena ateratzeko beharraren plasmazioa da, bestela esan ezingo genukeena esateko modua eta bidea.
Honela, artistak diskurtso propio bat garatzen du eta hori adierazten dio gizarteari. Bere tokia hartzen du gizarteko esparruetan haietan eragin eta haiek eraldatzeko. Horrek ez du esan nahi herriarengandik, gizartetik, urrun kokatu behar duenik derrigor. Honek eztabaida luze eta mamitsura garamatza ezinbestean, baina jarrera artistikoa bertsolaritzara ekarrita, ezaugarri herrikoietatik abiatzen den artearekin egingo dugu topo: herriaren (esan nahi baita, bertsozalearen) sentimendu eta pentsamenduekin komunikazioan jartzen da bertsolaria, eta hori gauzak gordin esanda, iradokita edo galderak planteatuta egin dezake.
Baina kontuz, sortzaileak independente izan behar du beti, eta pentsamentu propioa mamitu. Eta ezein mugimenduk, politikarik, instituziok edo dena delako taldek kontrolatu nahi duenean, dela ekonomikiko nahiz politikoki edo ideolojikoki, bertsolaria errebelatu egiten da. Matxinatu. Eta hala behar du: artistaren jokabide naturala baita errebelatzea. Kontrolaren gainetik egotea. Izan ere, sortzailearen lehen betebeharra haustea baita.
Etxeko balkoian “Salgai” txartela jartzen ari zirela ekin behar zioten bertsolariek kartzelako gaiari Hendaiako saioan. Jone Uriak maitasunaren amaieraz kantatu zuen, etxe baten salerosketa harremanen bideraezintasunaren metaforatzat hartuta. Jon Maiak ere maitasunaren amaierarekin lotu zuen gaia, baina bukaera esperantzagarriago bat emanda, elkarbizitza zoriontsua beretzat ez baina agian beste norbaitentzat posible dela adierazita. Amets Arzallusek gehiago enfokatu zuen izerdiz eraikitako etxearekiko maitasunetik. Julio Sotok, berriz, turista ingelesei saldu zien hainbesteko mimoz txukun jarritako etxea; honela, Hendaian (eta ez Hendaian bakarrik) bizi den egoera bat azaleratu zuen, munduan diruak agintzen duela zinikoki aitortzen duenaren paperetik. Sarriegik (auto)kritika zorrotza osatu zuen, krisi eta ez krisi egoeren aurrean jokatzen dugun moduaren gainean.
Ariketa polita litzateke bertsoak entzun ez dituen bati aurreko paragrafoan dagoena ematea eta hark horren gainean baloratzea zein den gehien gustatzen zaiona. Ez al da edukia, gutxienez, forma bezain garrantsitsua? Ez al diogu formari gehiegi erreparatu izan esaten ari garenari garrantzia kenduta? Bertsolari izatea zer da: zailtasun tekniko batzuei aurre egiteko abilezia, eta horren ondorioz lortzen den “meritua”? Ala gehiago da jarrera bat, nortasun bat, mami bat?
Nire inpresioa da bertsolaritza bigarren horretara bideratuta dagoela gero eta gehiago. Bertsotan egitea ez dela nahikoa. Are gehiago, bertsotan ondo egitea ere ez dela nahikoa. Orain, “norbait” izan beharra dago, “zerbait” eskaini, errima, neurri eta arrazoi topikoetatik haratago doana. Gero eta gutxiago direla bertsoak “onak” ala “txarrak”. Gero eta gehiago direla “gustatu zait” ala “ez zait iritsi”. Eta horrek bertsolaritza beste diziplina herrikoi batzuek lortu duten (pop musikak, esaterako) “arte” kategoriara darama zuzenean.
Eta gauzak horrela ikusten hasten bagara, zer zentzu du Txapelketak? Zergatik antolatzen ditugu? Jendea, giroa… beste modu batera lortzen ez dakigulako. Onar dezagun, bada, antolakuntza ikuspuntutik Txapelketa “beharrezkoa” eta beharrezkoa delako baino ez dugula antolatzen. Beharrezkoa den zentzugabekeria. Ikuspuntu literario batetik astakeria delako sormen lan bat 0tik 10era puntuatzea. Inork imajinatzen al du Van Gogh-en koadro bati “7,5” ematea ala Unai Elorriagaren azken liburua epaitzeko irizpide batzuk argitaratzea? Zer onura edo ekarpen egiten dio bertsolaritzari halako bertsolariren bertsoa 5,5 dela esateak?
Eta susmoa dut horrenganako perspektiba kritikoa galtzen ari garela. 90. hamarkadan ezbaian egon ziren Txapelketak eta egun ez dago ia herri bat Euskal Herrian bere bertsolari Txapelketa propioa ez duena. Kezkagarria dena da, salbuespen bikainak salbu, herrietan antolatzen ditugun Txapelketak ere “ofizial” horien kalko direla. Mea Culpa ozen bat adierazi behar dut alderdi honetan. Baina lehia, onar dezagun, gustatu egiten zaigu. Lehia mota hori ere bai. Ni behintzat engantxatuta naukate “hori 8,5 da nire ustez” edo “6,31-ko batez-bestekoa atera du” bezalako elkarrizketek.
Eta orduan, Hendaiako finalaurrekora joan eta han bizi zena ikusita, ahaztu egiten zara beste guztiaz eta momentuaz gozatzen duzu. Eta bertsoa fenomeno soziolojiko bezala herri honentzat zein beharrezko eta mesedegarri den ohartzen zara. Txapelketari esker.
Etxean aritu zen Amets Arzallus. Bere kartzela ez zitzaidan gustatu, baina beste guztian beldurgarri aritu zen. Ametsez “bertsotan erraz egiten du” esaten da, eta hala da. Bere estiloan bakarra da, azkarra, erantzuten dakiena, luze nahiz motzean abila, konpletoa. Bertso eskolako edozein irakaslek klasean eredu jarriko lukeen bertsolaria. Duela lau urte egin zuena baino BEC hobea egingo duelakoan nago. Txapelpean orduan baino gutxiago imajinatzen da, ordea. Gertatzen dena gertatzen dela, lehia nahiz lehiakortasunaren bermea izango da hendaiarra.
Politikaz ari ginela, Jon Maia bertsolari-politikoaren paradgima izan zen bere garaian. Hartatik “askatu” zelakoan nago. Oreka bat lortu arte. Eta hor hasi zen, eta nire ustea baino ez da, bertsolari izaten, bertsolari pentsatzen. Eta horrek eraman zuen bertsolaritzaren gailurrera. Asko esan daiteke Maiaz. Nik hain detailea ez den detaile bati erreparatu diot azken urteotan: ez al da Maia komikoa Maia poeta baino hobea? Hendaian, behintzat, nik garbi ikusi nuen: zortziko txikian eta seiko motzean egin zituen saiorik onenak.
Ez dira asko ausartuko Sotorena sorpresa bat dela esatera. Kuriosoa da Silveira bera izan zela, orain urte batzuk, Sotoren etorkizun dizdiratsuaz hitz egin zuen lehenengoa. Niri bertsolari harrigarria iruditzen zait. Goi mailakoa. Irregularra oraindik, baina hori konpontzeko bidean izango delakoan nago. Hendaian ofiziotako (ia) bertso guztietan kantulagunaren bukaerak bereekin kateatu zituen. Kartzelan goia jo zuen, bere kasuan ohitura bihurtu denez. Bertsoarekin gaixo dagoela esan izan du. Eta hori nola bizi duen ikusteak biziarazten du publikoa. Aitortzen dut bera BECen aritzeak poz handia eragingo lidakeela.
Elegantziaren adibide gorena da Sarriegi. Bertsoa asko entzutera ohituta ez dagoenak igual ez dio hainbeste antzemango, baina bertsoa eramateko modua, zuzentasuna eta duen klasea azpimarratzekoak dira oso. Eta ez hori bakarrik. Gaiei bigarren buelta bilatzen dien horietakoa da. Arriskatzen duena, baina gaiak enfokatzeko orduan. Bertsolari gutxi ikusi ditut hainbeste aipatzen dugun “beretik” hori bere egiten. Bere bertso karrerak, azkenean, izan du Belodromoaren saria. Handixeago batetik ere gertu-gertu dago, gainera…
Algortako faktoria oparoaren produktu berrietakoa da Jone Uria. Oholtzan nabarmendu nahi-ezaren inpresioa eman dezake, baina inpresio okerra da. Ezinezkoa baita bertsotan horrela eginda ez nabarmentzea. Erregularra da, baina eman behar denean ematen dakiena. Bertsolaritzan inoiz ezagutu den belaunaldi prestatuenaren goi-mailakoen artean dago: Beñat Gaztelumendi, Miren Amuriza, Julio Soto, Maddalen Arzallus, Arrate Illaro, Unai Gaztelumendi, Alaia Martin, Ekhi Erremundegi, Patxi Iriart… eta abarrekin batera. Eta horiek guztiek, Jonek barne, hobetzeko marjena dute oraindik. Luze gabe, Txapelak ez dira urrun ibiliko Algortatik.
Onintzaren naturaltasuna eta freskura oso eskertzekoak dira. Bertsotan, nire inpresioa hori da behintzat, mailaz gora-gora doa eta gauza gero eta hobeak egiten ditu. Laudion lortu zuen sailkapena ez dela kasualitatea frogatu zuen, eta merezimendu osoz iritsi da iritsi den lekura. Hendaian egin zuen saioa oso ona izan zen.
Publikoa maiteminduta Gasteizen
Ion Ansa
Behar eskizofreniko bikoitz batek ezaugarritzen du bertsolari ororen jarduna: norberak nahi duena esateak batetik eta publikoak entzun nahi duena esateak bestetik. Biak bat datozenean klimaxa sortzen da, bertsozale zirkulu esnobetan komunikazioa deitzen dugun hori, hain zuzen. Kasu horietan, ez dago gauza handiegirik esan edo aztertzeko, datu soziolojiko kurioso bat izan ezik: ehunka (milaka) pertsonek aldi berean eta estimulu beraren aurrean sentitzen duten zirrara komuna.
Baina, zer gertatzen da publikoak entzun nahi duena eta bertsolariak esan nahi duena bat ez datozenean? Kasu horietan interesgarria da oso bertsolariaren jarrera eta jokabidea aztertzea. Jakina, badira ezer esateko ez dutenak, edo une horretan esateko ezer bururatu ez zaienak. Nik bi aukera mota bereiziko nituzke: zerbait esaten dutenak, berea esaten dutenak, alegia, autore jokatzen dutenak; eta ezer esaten ez dutenak, alegia komertzial jokatzen dutenak, publikoak entzun nahi “omen” duena esaten dutenak. “Omen” diot, publikoak entzun nahi duena interpretatzeko ere maixu izan beharra baitago.
Txapelketetan eskizofrenia hirukoitz bihurtzen da, eta hirukia honela osatzen da: erpin batean bertsolariak esan nahi duena, bestean publikoak entzun nahi duena, eta hirugarrenean epaileek baloratzen dutena. Hiruki hori zein norabidetan jarri bertsolariak erabakitzen du. Bestela esanda, Txapelketako saiora hiru helbururekin joan daiteke bertsolaria: “norbera” izatera, publikoa hunkitzera edo puntuak lortzera (azken jarrera honi trepa jarrera deituko diogu, barka lizentzia linguistikoa). Noski, bertsolariak hirurak nahiko ditu, klimax totala lortzeko. Baina lehentasunak, kontziente ala ez kontzienteki, jarri egiten ditu. Hau da, hirukia gora begira, etzana ala okerra eramaten du Txapelketara.
Gazteen famatu izan nahia eta bertsoa “Operación Triunfo” moduan ulertzea hainbeste kritikatzen den garaiotan, pozgarria da bertsolari gazteek nortasunez jokatzeko hautua gero eta gehiago egiten dutela baieztatzea. Miren Amurizaren kasuan, nortasun horrek, bere adinean bestela izan ezin denez, berezkoa behar du: mukuru betetako areto bat hari begira dela barre eta negar egiten jakitea da horren seinale. Bere bertso mailak baino are gehiago, bere nortasunak harritu ninduen ni: ez oholtzan egoteko moduagatik bakarrik, gai bakoitzari eta bertso bakoitzari ekiteko moduagatik ere bai.
Eta edozein oholtzatan publiko baten aurrean jartzen den edozein artistak galdetuko balit zer eskatzen diodan nik, hitz batean, ni harritzeko eskatuko nioke. Eta harridura da maiteminerako lehen pausoa. Miren Amurizak horixe egin zuen: entzulea maitemindu. Zenbat bertsolari, artista edo sortzaileren eskuetan dago hori?
Nik ezagutzen dut pare-parera datorkidan bat. 1993ko abenduaren 19a azken hamarkadetako bertsolaritzaren historiako data ikurra da. Aro baten amaiera izan zen, eta bertsolaritza egiteko aro berri baten hasiera. Egunkari batean bertsolari batek aipatzen zuenez, Gipuzkoar “eliteak” (madarikatua izan bedi betiko “elite” hitza) Txapelketari uko egitea erabaki zuen eguna. Egañak, horrela, gazte belaunaldi berriekin aritzeko pribilejioa eta intelijentzia izan du orduz geroztik. Baina, Egañaz momentuko ahaztuta, egun hartan 19 urteko mutiko batek maitemindu gintuen ordura arte bertsozale izan bai baina bertsolaritza guretzat ez zela uste genuen hainbeste eta hainbeste gaztetxo.
Unai Iturriagak Belodromoan egin zuen saio izugarriak (hor daude kaseteak eta liburuak baieztatu nahi duenarentzat), eta bera han egote hutsak, bertsolaritza aldatu zuten. Ez berak bakarrik, jakina, gauza hauek ez baitira inoiz kasualitatez gertatzen. Baina ezin ukatuko dugu durangarra izan zela bertsolaritza gaztetu eta inoiz iritsi ez zen esparru soziolojiko berrietara eraman zutenetako bat. Bertsoetan jorratzen ziren gaiak, gaiei heltzeko moduak, eta oholtza gaineko estetika bera ere posibilitate berrietara ireki zitezen ekarpen erraldoia egin zuen Iturriagak. Txapelketetan izango zuen bide oparoaren abiapuntua ere izan zen.
Behin Unaik berak aipatua da Edwin Moses korrikalari mitikoaren marka berdintzea zela bere txapelketetako helburua: hau da, lau finaletan parte hartzea. Helburu hori bete zuen BECen 2005ean. Alde horretatik, beraz, lasai lo egin dezake Gasteizeko emaitza txarra ikusita ere. Gasteizen ez baitzuen egun ona izan. Ez diogu horri buelta gehiegi emango, tokatzen denean tokatzen da eta kitto.
Baina aipamen bat merezi du bere jarrerak. Agurrean garbi adierazi zuen bezala, bera izatera eta konplexurik gabe atera zen. Eta detaile izugarriak utzi zituen gaiak enfokatu eta garatzeko orduan. (Noiz hasiko gara hori baloratzen? Noiz utziko diogu bertsoa ona ala txarra den detaile tekniko txatxu batzuen arabera erabakitzeari?) Denetan izan zen bera, gehiago ala gutxiago asmatuta, baina denetan autore. Eta txalotzekoa da hiruki eskizofrenikoa zein aldetara begira nahi duen hain garbi izatea. Bestalde, Unai noiz ez da Unai izan? Egañak lehen txapela jantzi zuen gau majiko hartatik hona izan duen ibilbideak erantzuten du galdera.
Iñaki Zelaia bertsoa barrutik bizi dutenek estimatzen duten bertsolarietakoa da. Bertso lagunari erantzuteko dohai harrigarriak dituena, bertsotan erregular eta seguru egiten duena. Ni ez nau harritu Txapelketa honetan (eta ez harritzearen zentzu positiboaz ari naiz), bere betiko maila eman duelako, eta ausartuko nintzateke esatera hobetu ere egin duela azken urteotan. Historikoki semifinaletako bertsolaria izan da hernaniarra, baina aurten joera hori hausteko parada ezin hobean kokatu da. Ea.
Galdakao eta Santutxun bada beste bertsolari berezi bat, nik oso maite dudana, aditzaren zentzu artistiko hutsean. Estiballesen bertso karrera maratoi bat delakoan nago. Ez da Mozart bat izan (hark 6 urterekin idatzi zuen lehen melodia), baina heldutasunarekin bat bertsolari egiten ari da. Hari entzutean, beti dut sentsazioa oraindik ez dugula benetako Arkaitz Estiballes ikusi, bere gailurra oraindik urrun dagoela, gehiago egingo duela denborarekin. Ezaugarri batzuk, dena den, agerian utzi ditu jadanik: artista hutsa izatea, komunikatzaile paregabea, orijinala izatea eta konpromiso politikoa, besteak beste.
Ez dakit inoiz asmatuko dugun baloratzen zenbat mesede eta zenbat kalte egin dion Xabi Payari Bizkaiko Txapela jantzi izanak. Ni ez naiz hori baloratzeko gai sentitzen. Dakidana da plazaz plaza Bizkaiko txapel hori modu oso duinean eraman duela, eta publikoak Xabi Paya nahi duela bere herriko jaialdian. Hori zerbaitegatik izango da. Besteak beste, bertsolari ona delako. Saio eskasa atera zitzaion Gasteizen. Askoz hobeak egin izan ditu, eta bigarren itzulian kantatzeko aukera badu, ez dut zalantza izpirik ongi asko baliatuko duela arantza ateratzeko.
Maddalen Arzallusek bere saioa onartzeko naturaltasuna ere azpimarratzekoa izan zen. Ez dut maite bertsolari batek saio txarra egin eta azken agurrean negar egitea. Eskertzekoa, beraz, Arzallusen portaera. Hendaiar-zumaiarrak maila badu soberan, baina ezin izan zuen erakutsi. Horri ere buelta handirik ez emanda hobe. Orain arte lortu duena bere adineko bertsolari oso gutxiren eskuetan dago. Gauza guztietan bezala aurrera egin eta norberan sinistea da gakoa.
Kantabriako partian
Mikel Urdangarin – kantaria
Euria, hotza eta haizea eskutik helduta dabiltza Gasteizen. Eta horrela sartu gara laguna eta biok saioa ospatu behar den lekura; bustita eta hotza hezurretaraino sartuta. “Egon lasai, laster berotuko gara, lehenengo agurrekin batera”esan diot, sinistuta, berari. Giro epela dabil barruan, bertaratutako jendetzak sortua. Udazken giro erabateko honek saioari mesede egingo diola pentsatu dut nire baitan. Soilik falta da oholtza gaineko giza tximiniak bere lanak ondo egitea. Hasi dira agurrak, eta haiekin batera bertsolarien asmoak, itxaropenak eta ametsak. Sendo eta zihur kantatu dute. Bi neskek bereziki. Ondoren ofizioko lanak, zortziko haundian eta txikian.
Ordubeteko jarduna eta gero laguna eskuak igurtzi eta igurtzi dabil. Egurra heze dago eta ehunka lagunek hauspoari kementsu eragin arren eta adarren bat kenduta, ez du surik hartzen. Eta gure eskuek eta oinek suaren falta somatzen dute. Puntuari erantzun, Mainontzi eta amaitzeko, kartzela. Isiltasuna, tentsioa, marmarra. Bertsotik bertsora euriak sabaian jotzen du eta hutsuneak bete baino, handiagotzen dituela ematen du. Udazken giroa ankertu zaigu, azkenean.
Ez guztiz baina. Taula gainean kantari ari den emakume gazte bati lurrun edo ke antzeko bat dario. Zorionak Miren.
Bergarako labe garaietan
Aitorrek josteko makina zirudien eta Maialenek bordatzeko makina
Laxaro Azkune (Gai-jartzailea)
Bergarako Labe Garaietan labeak itzalita zeuden, ez jakin hainbeste euri egin zuelako edo zetorren jende uholdearen errespetuz. Ez genuen behintzat labe izandako haien berotasunik sentitu. Eta guk baino gutxiago sentituko zuten hainbeste denboran sarrera-zain euripean eta hotzetan egon ondoren sarrerarik gabe gelditu zirenek. Halakoxea baita txapelketak sortu duen erakarmena, ez krisiak, ez eguraldiak ez du jendea atzeratzen.
Norbait, Bergarara, han zer gertatzen zen ez jakinean hurbildu izan balitz, harrituko zatekeen, fabrika handi baten atarian, larunbat arratsaldez hainbeste jende ilaran, euri-jasa harekin, aterkipean gorde ezinik ikusita.
Fabrika barrua nahiko hotza tenperaturaz eta egituraz. Berotasun eta dotorezia gutxi zegoen han. Bertsolariak ere urrun antzean, baita bertsolarientzat entzuleak ere hala egongo ginen, agurretan norbaitek aipatu zigun. Pankartak zeuden giroa berotzeko. Justu bi finalistenik ez nuen ikusi beste laurek zuten bana edo gehiago.
Saioko aurkezlea hizketan hasi zenean kezkatu ginen ez ote zen oso ongi ere entzungo, baina ez, zorionez txapelketa guztian zehar bezala ongi entzun genuen, argiak joan ziren arte. Eta orduan ere entzutera iritsi ginen mikrorik gabe kantatzen ari ziren Jon Martin eta Maialen Lujanbioren jarduna. Halakoxea izan zen jendeak egin zuen isilunea eta bertsoak entzuteko zeukan gogoa. Bertsolariek berriz egoera bakoitzari etekina ateratzeko duten iaiotasuna erakutsi zuten behin gehiago.
Maialen Lujanbio eta Aitor Mendiluze, bi finalistak genituen kantuan, azken laurdenetatik sailkatutako Beñat Gaztelumendi, Jon Martin, Etxahun Lekue eta Fredi Paiarekin batera. Hauen bertso maila ezagutzeko aukera izan dugu aurreko saioetan, bi finalistena frogatu nahi genuen, horien mailan zegoen ala gorago. Hasi aurretik, izan zezaketen kezka, presioa, urduritasunaz jabetuta geunden. Egin behar hori ez delako beti lagunik onena. Nola Aitorrek ala Maialenek erakutsi ziguten agurretik bertatik, lanera etorri zirela eta makina ongi engrasatuta zekartela, etxeko lanak eginda zetozela azterketa pasatzera. Maialenen agurrak erakutsi zigun zeinen abila den egoeraren berri hain hitz gutxitan, hain sakon eta hain dotore ematen. Lehen bertsotik eragin zigun Bergarako izarrak.
Ofiziotan hasi orduko frogatu genuen Aitor Mendiluze zeinen trebea den bertsoa goitik beheraino josteko lanean eta lagunaren arrazoiari erantzunez gainera. Aitorri entzunda bertsoak erraza eta dena dirudi. Maialenek eta Beñatek gaurkotasun handiko gai gordin bati heldu behar izan zioten. Ez zen bi txorakeria esan eta aurrera egitekoa, gaian bete-betean sartu zen Maialen, amaren paperetik beste amaren sufrimendua ezin hobeto erakutsi zigun, barkatu hitza zeinen indarge gelditzen den adieraziz heriotzaren aurrean. Beñatek ere ongi eutsi zion. Maialenen bertsoak bihotzera iristen zitzaizkidan, eta susmoa dut entzule askorenera iristen zirela. Zortziko txikian berriz, “istripua” gertatu zen, Jon Martin bertsotan hasi ez beste argiak joan ziren. Jon ez zen gelditu eta Maialenek mikroa alboratu eta jendeari kantatzea erabaki zuen, egoeraz baliatu ziren, publikoak eskertu zuen. Zer pentsatzen ote du segundo horietan bertsolariak, bere sailkapena jokoan duenak batez ere? Bertsolariak erakusten du, holakoetan ere, publikoari zor zaiola eta harekikoak egitea dela bere zeregin nagusia.
Hasierako puntuen lan arriskutsu eta zailean berriro Aitor Mendiluzeren maisutasuna agerian gelditu zen. Berriro esango dut, Aitorri entzunda erraza eta dena dirudi lan hau ere, esan liteke berez etortzen zaiola, nolako ederki bilatzen duen bidea, beste asko ezinean ibiltzen diren arren. Seiko motzean ere bi maisu hauek lan bikainak egin zituzten, Maialenek ezin bikainago azaldu zuen emakumeak eta lanak gaur egungo lan munduan duten aldapa latza, “zuri ez dizute haurdun al zauden galdetuko”. Lan honetan Aitorrek eta Beñatek ere, biek egin zuten lan ederra nire iritzian. Kartzelako argazkilariaren lanean ere lan ederra burutu zuten, benetan argazkilari sentitu nintzen, “besteak begiak itxitakoan guk begia ireki” beharraren zama sentituz Aitorrekin. Maialenekin Laboaren kanta ezagunari letra berria jartzen aritu ginen elkarrekin. Gure herrian hain ezagunak zaizkigun zenbait manifestaziotako egoerak sentitu eta ikusarazi zizkigun, kaskodunaren “hemen ez da ezer pasa”, espaloi hutsak, arnasa estuak… Beñatek ere bere une larria bikain adierazi zigun, bada ez bada bere semearen argazkiari begiratzeraino.
Beraz azterketa ezin hobeto gainditu ziguten Maialenek eta Aitorrek. Beñatek ere nota ona atera zuen, agian Uztaritzeko distirarik gabe, baina ongi. Batek baino gehiagok abisatua zigun Maialen oso ondo zebilela bertsotan eta aurten txapelerako kandidatu nagusienetakoa zela. Txapelik irabazten ez badu ere Bergarako saioak berak bakarrik ere merezi du. Bergaratik, gorputza hoztuta baina bihotza berotuta irten nuen. Eskerrik asko zuei.










Mintzola Etxea
Gure Agora
Amaia Zubiria – abeslaria
Ongietorriaren marruma ziragarriaren ondoren , mutu geratu gatzaizkie so.
Errespetuak eta milaka kolorek hartu du lekua.
Bihotz lore sorta erraldoiak bateratu du taupada.
Ordularia bateratuak bezalaxe.
Min eragin ziezaioketen bihotz maitemindu bat baizen,
han erabat emana zegoen publikoarena,
edozein tonuz kanpoko nota batek.
Hain agerian zegoen sentiberatasuna.
Baina han ez da tonuz kanpoko nota eman duenik.
Maitaleak ez dio kale egin bihotz kolektiboari.
Bihotz lore sorta indartuak pronostiko ororen gainetik ,
gehiago maitemintzea posible dela sinetsi du.
Dugu.
Bateratu ditugu algarak bateratu malkoak eta zeharkako irribarreak.
Hasieran harridura.
kimu berriak indartsu zetozkigun esperantzari arnasa emanaz. Hemen daude loretsu, eder, kemena estreinatzen.
Utzi dute jokoa hasi dute antzerkia.
Komedia. Drama Tragedia. Bakoitza dagokion paperetan.
Eta arba sendoak kalkulua apainduz. Ezenak atonduz, sinestatuz, helaraziz.
Eta gu arro. Ukituak. Entzun berriak berriro entzun egarriz.
Bihotz erraldoia maitekor, gaurkoz bederen.
Jone Uria Julio Sotok Aitor Sarriegi Onintza Enbeita.
Amets Arzallus eta Jon Maya.
Emaitza ahantzi ezina.
Gure buruko antzoki asmatu honetan oraino dario poesiaren jario haren ur gazi gozo hura “ Etxe bat ez da soilik adreilua. Etxe bat bi bihotz dira…” Eta momentu batez Agora monumental bat izan zen zuei esker. !Maite zaituztegu!