• Hemen zaude: Hasiera » Bloga » Txapelketa, beharrezkoa den zentzugabekeria?

Txapelketa, beharrezkoa den zentzugabekeria?

Ion Ansa

jon_ansa Arteak esaten du politikak, filosofiak eta zientziak oro har esan ezin dutena. Artea gure kontzientzi eta bihotzetan dagoena ateratzeko beharraren plasmazioa da, bestela esan ezingo genukeena esateko modua eta bidea.

Honela, artistak diskurtso propio bat garatzen du eta hori adierazten dio gizarteari. Bere tokia hartzen du gizarteko esparruetan haietan eragin eta haiek eraldatzeko. Horrek ez du esan nahi herriarengandik, gizartetik, urrun kokatu behar duenik derrigor. Honek eztabaida luze eta mamitsura garamatza ezinbestean, baina jarrera artistikoa bertsolaritzara ekarrita, ezaugarri herrikoietatik abiatzen den artearekin egingo dugu topo: herriaren (esan nahi baita, bertsozalearen) sentimendu eta pentsamenduekin komunikazioan jartzen da bertsolaria, eta hori gauzak gordin esanda, iradokita edo galderak planteatuta egin dezake.

Baina kontuz, sortzaileak independente izan behar du beti, eta pentsamentu propioa mamitu. Eta ezein mugimenduk, politikarik, instituziok edo dena delako taldek kontrolatu nahi duenean, dela ekonomikiko nahiz politikoki edo ideolojikoki, bertsolaria errebelatu egiten da. Matxinatu. Eta hala behar du: artistaren jokabide naturala baita errebelatzea. Kontrolaren gainetik egotea. Izan ere, sortzailearen lehen betebeharra haustea baita.

Etxeko balkoian “Salgai” txartela jartzen ari zirela ekin behar zioten bertsolariek kartzelako gaiari Hendaiako saioan. Jone Uriak maitasunaren amaieraz kantatu zuen, etxe baten salerosketa harremanen bideraezintasunaren metaforatzat hartuta. Jon Maiak ere maitasunaren amaierarekin lotu zuen gaia, baina bukaera esperantzagarriago bat emanda, elkarbizitza zoriontsua beretzat ez baina agian beste norbaitentzat posible dela adierazita. Amets Arzallusek gehiago enfokatu zuen izerdiz eraikitako etxearekiko maitasunetik. Julio Sotok, berriz, turista ingelesei saldu zien hainbesteko mimoz txukun jarritako etxea; honela, Hendaian (eta ez Hendaian bakarrik) bizi den egoera bat azaleratu zuen, munduan diruak agintzen duela zinikoki aitortzen duenaren paperetik. Sarriegik (auto)kritika zorrotza osatu zuen, krisi eta ez krisi egoeren aurrean jokatzen dugun moduaren gainean.

Ariketa polita litzateke bertsoak entzun ez dituen bati aurreko paragrafoan dagoena ematea eta hark horren gainean baloratzea zein den gehien gustatzen zaiona. Ez al da edukia, gutxienez, forma bezain garrantsitsua? Ez al diogu formari gehiegi erreparatu izan esaten ari garenari garrantzia kenduta? Bertsolari izatea zer da: zailtasun tekniko batzuei aurre egiteko abilezia, eta horren ondorioz lortzen den “meritua”? Ala gehiago da jarrera bat, nortasun bat, mami bat?

Nire inpresioa da bertsolaritza bigarren horretara bideratuta dagoela gero eta gehiago. Bertsotan egitea ez dela nahikoa. Are gehiago, bertsotan ondo egitea ere ez dela nahikoa. Orain, “norbait” izan beharra dago, “zerbait” eskaini, errima, neurri eta arrazoi topikoetatik haratago doana. Gero eta gutxiago direla bertsoak “onak” ala “txarrak”. Gero eta gehiago direla “gustatu zait” ala “ez zait iritsi”. Eta horrek bertsolaritza beste diziplina herrikoi batzuek lortu duten (pop musikak, esaterako) “arte” kategoriara darama zuzenean.

Eta gauzak horrela ikusten hasten bagara, zer zentzu du Txapelketak? Zergatik antolatzen ditugu? Jendea, giroa… beste modu batera lortzen ez dakigulako. Onar dezagun, bada, antolakuntza ikuspuntutik Txapelketa  “beharrezkoa” eta beharrezkoa delako baino ez dugula antolatzen. Beharrezkoa den zentzugabekeria. Ikuspuntu literario batetik astakeria delako sormen lan bat 0tik 10era puntuatzea. Inork imajinatzen al du Van Gogh-en koadro bati “7,5” ematea ala Unai Elorriagaren azken liburua epaitzeko irizpide batzuk argitaratzea? Zer onura edo ekarpen egiten dio bertsolaritzari halako bertsolariren bertsoa 5,5 dela esateak?

Eta susmoa dut horrenganako perspektiba kritikoa galtzen ari garela. 90. hamarkadan ezbaian egon ziren Txapelketak eta egun ez dago ia herri bat Euskal Herrian bere bertsolari Txapelketa propioa ez duena. Kezkagarria dena da, salbuespen bikainak salbu, herrietan antolatzen ditugun Txapelketak ere “ofizial” horien kalko direla. Mea Culpa ozen bat adierazi behar dut alderdi honetan. Baina lehia, onar dezagun, gustatu egiten zaigu. Lehia mota hori ere bai. Ni behintzat engantxatuta naukate “hori 8,5 da nire ustez” edo “6,31-ko batez-bestekoa atera du” bezalako elkarrizketek.

Eta orduan, Hendaiako finalaurrekora joan eta han bizi zena ikusita, ahaztu egiten zara beste guztiaz eta momentuaz gozatzen duzu. Eta bertsoa fenomeno soziolojiko bezala herri honentzat zein beharrezko eta mesedegarri den ohartzen zara. Txapelketari esker.

Etxean aritu zen Amets Arzallus. Bere kartzela ez zitzaidan gustatu, baina beste guztian beldurgarri aritu zen. Ametsez “bertsotan erraz egiten du” esaten da, eta hala da. Bere estiloan bakarra da, azkarra, erantzuten dakiena, luze nahiz motzean abila, konpletoa. Bertso eskolako edozein irakaslek klasean eredu jarriko lukeen bertsolaria. Duela lau urte egin zuena baino BEC hobea egingo duelakoan nago. Txapelpean orduan baino gutxiago imajinatzen da, ordea. Gertatzen dena gertatzen dela,  lehia nahiz lehiakortasunaren bermea izango da hendaiarra.

Politikaz ari ginela, Jon Maia bertsolari-politikoaren paradgima izan zen bere garaian. Hartatik “askatu” zelakoan nago. Oreka bat lortu arte. Eta hor hasi zen, eta nire ustea baino ez da, bertsolari izaten, bertsolari pentsatzen. Eta horrek eraman zuen bertsolaritzaren gailurrera. Asko esan daiteke Maiaz. Nik hain detailea ez den detaile bati erreparatu diot azken urteotan: ez al da Maia komikoa Maia poeta baino hobea?  Hendaian, behintzat, nik garbi ikusi nuen: zortziko txikian eta seiko motzean egin zituen saiorik onenak.

Ez dira asko ausartuko Sotorena sorpresa bat dela esatera. Kuriosoa da Silveira bera izan zela, orain urte batzuk, Sotoren etorkizun dizdiratsuaz hitz egin zuen lehenengoa. Niri bertsolari harrigarria iruditzen zait. Goi mailakoa. Irregularra oraindik, baina hori konpontzeko bidean izango delakoan nago. Hendaian ofiziotako (ia) bertso guztietan kantulagunaren bukaerak bereekin kateatu zituen. Kartzelan goia jo zuen, bere kasuan ohitura bihurtu denez. Bertsoarekin gaixo dagoela esan izan du. Eta hori nola bizi duen ikusteak biziarazten du publikoa. Aitortzen dut bera BECen aritzeak poz handia eragingo lidakeela.

Elegantziaren adibide gorena da Sarriegi. Bertsoa asko entzutera ohituta ez dagoenak igual ez dio hainbeste antzemango, baina bertsoa eramateko modua, zuzentasuna eta duen klasea azpimarratzekoak dira oso. Eta ez hori bakarrik. Gaiei bigarren buelta bilatzen dien horietakoa da. Arriskatzen duena, baina gaiak enfokatzeko orduan. Bertsolari gutxi ikusi ditut hainbeste aipatzen dugun “beretik” hori bere egiten. Bere bertso karrerak, azkenean, izan du Belodromoaren saria. Handixeago batetik ere gertu-gertu dago, gainera…

Algortako faktoria oparoaren produktu berrietakoa da Jone Uria. Oholtzan nabarmendu nahi-ezaren inpresioa eman dezake, baina inpresio okerra da. Ezinezkoa baita bertsotan horrela eginda ez nabarmentzea. Erregularra da, baina eman behar denean ematen dakiena. Bertsolaritzan inoiz ezagutu den belaunaldi prestatuenaren goi-mailakoen artean dago: Beñat Gaztelumendi, Miren Amuriza, Julio Soto, Maddalen Arzallus, Arrate Illaro, Unai Gaztelumendi, Alaia Martin, Ekhi Erremundegi, Patxi Iriart… eta abarrekin batera. Eta horiek guztiek, Jonek barne, hobetzeko marjena dute oraindik. Luze gabe, Txapelak ez dira urrun ibiliko Algortatik.

Onintzaren naturaltasuna eta freskura oso eskertzekoak dira. Bertsotan, nire inpresioa hori da behintzat, mailaz gora-gora doa eta gauza gero eta hobeak egiten ditu. Laudion lortu zuen sailkapena ez dela kasualitatea frogatu zuen, eta merezimendu osoz iritsi da iritsi den lekura. Hendaian egin zuen saioa oso ona izan zen.

  • Bertso saio hautatuak bertsoplaza.tv-n
  • BARAKALDO

    Bertsolaria Puntuak
    Maialen Lujanbio 1630,75
    Amets Arzallus 1582
    Jon Maia 1060
    Andoni Egaña 1058
    Unai Iturriaga 1046,25
    Sustrai Colina 1037,5
    Aitor Mendiluze 1009,25
    Aitor Sarriegi 983,75
  • Eskura ezazu txapelketari buruzko informazioa sakeleko telefonoan eskuratzeko argibideak


Iradoki Presentzia & Komunikazioa