• Hemen zaude: Hasiera » Bloga » “Zerbait esan eta orduan min”

“Zerbait esan eta orduan min”

Ion Ansa

jon_ansa Merkatuan oinarritutako bertsolaritzaren festa da Txapelketa Nagusia. Merkaturatuko diren produktu berrien eskaparatea, eta, batez ere, merkatuan lehendik daudenen birbaloratze esparrua. Txapelketan funtzionatzen duenak ia beti funtzionatzen du merkatuan. Salbuespenak salbu, badirelako kasu horretan ez daudenak.

Ez nago merkatuaren aurka. Bai sormena merkantilizatzearen aurka, arriskuz betetako bidea iruditzen zaidalako. Zer saltzen dugu? Hori erosiko digute. Pentsa dezagun horretan. Modelo bat mendi errusiar batean, bertsokera bat, sormena ulertzeko modu bat, estereotipo batzuk. Euskal Herriak duen kultur proiektu sendoenetakoaz gain, gauza asko ari gara eskaintzen: arrakasta, esaterako.

Kontu handiz tratatzeko gaia iruditzen zait. Arrakasta seduktore sorgina baita. Eta arrakasta arte herrikoiaren bikotekide naturala bada ere, arriskutsu bihurtzen da mamiz mozorrotzen denean. Komertziala dena ez baita, ona izanda ere, berez mamitsua. Biak nahasteak bide okerretik eramango gaitu sortzaile mugimendu bezala, baita trasmititzen ditugun baloreei dagokionean ere.

Merkatuak behar izan zuenean agertu zen Igor Elortza bertso mundura. Osinalde Elkarteko aulkian eserita oinak ia lurreraino heltzen ez zitzaizkiola jantzi zuen Txapela Gabirian. Bertso merkatuak gazteak behar zituen, eta gazteak aurkitzeko zortea izan zuen. Zortea diot, Igor bezalako bertsolariak milatik bat daudelako.

Eta, honela, bertsolaritza gaztetu egin zen. Merkatua eta bertso mugimendua bat zetozen ia ehuneko ehunean. Bertsotan ari zirenak ziren zirenak. Eta hortik kanpora ari zirenak ere bazeuden arren, ez ziren, urrundik ere, bertsolaritzaren gehiengo. Egun, ordea, egoera hankaz gora jarri da.

“Elite” (madarikatu izan bedi betiko hitz hori) deitzen dioten horrek merkatuaren zati bat baino ez du hartzen. Ausartuko nintzateke esatera bertso jaialdi handien ehuneko laurogeita hamar duela. Ez nengoke egitik urruti LANKUren bidez kudeatzen diren saioetako asko eta asko (eta estatistikak manipulatu gabe, zenbatek non eta zeinekin kantatzen duten kontuan hartuta) ere “elite” delakoak egiten dituela. Zer esan Bertso Egunean aritzen direnez… Eta Txapelketa Nagusiko finalaz.

Baina orain badago bizitza hortik kanpora. Gero eta gehiago, gero eta hobea, gero eta anitzagoa, gero eta esperimentalagoa eta berritzaileagoa. Eta gero eta gehiago dira bestelako merkatuetan erosoago sentitzen direnak. Beren bide propioa daramatenak, eta egiten ari diren horretaz harro sentitzen direnak. Dena txuria edo beltza ez dela kontuan hartuta, eta “elite”-ko bertsolariek askotan merkatu horretatik kanpora ere kantatzen dutela jakinda, esan daiteke, gaur egun, bertsolariak, “eliteko” izan edo ez, lehen baino askoz ere aukera gehiago dituela plazaratzeko, eta are gehiago, erabakitzeko nola, non, zeinekin, zertarako plazaratu nahi duen.

Igor Elortzak Txapelketa “norgehiagoka” baino “zergehiagoka” gisa ulertzen zuela esan zuen duela bi urte, eta, orain bai, bere hitzen manipulazio lotsagabea eginda, galdetuko nuke nola bereiz daitezkeen “zer” eta “nor”. Igorri, hain zuzen, Gernikako saioan zerbait eskertu banion “nor” hori “zer” horren aurretik jartzea izan zen.

Durangarrak duen bertsokerak, bertsoak josteko moduak, ironia finak… eta abar askok liluratu izan gaituzte beti. Gernikan, horietaz guztietaz gain, bukaerako agurrean laburtutako jarrerak zirraraz zizpriztindu zizkigun barrenak. Barruko dena eman eta gainera bustitzea eta pentsatzen duena esatea baino zer gehiago (eta hobeto) egin dezake bertsolariak? “Zerbait esan eta orduan min” dio Igorren kanta batek. Nigatik, segi dezala esaten. Finaleko aulkia galdu du Elortzak, baina esperientzia guztietan galdu eta irabazten da zerbait. Irrikitan nago honetatik Igorrek irabazi duena ikusteko.

Txapela kentzeko moduko saioa osatu zuen Beñat Gaztelumendik. Tamalez, ez da txapela jartzeko modukoa izango. Oso goitik hasi zen hamarreko handian, eta zortziko txikian pixka bat behera eginda ere, oso goitik segi zuen saio osoan. Beñaten kasua ederra da: eskolarteko urteak gainditu zituenean hasi zen bertsotan benetan zuena ematen. Eta maila ikaragarriko bertsolaria deskubritu zuen Gipuzkoak lehenengo, eta Euskal Herriak gero. Bere sekretua: talentua izateaz gain, ikasle ona izatea. Denetik eta denetaz ikasten du añorgarrak, ez kopiatzeko, aberastu eta hobetzeko baizik. Eta hori umiltasun jarrera batetik baino ezin da egin. Umila bezain intelijentea. Gernikan, nire iritziko, lehena behar zuen, alde politarekin gainera.

Jon Martinek zorte txarra izan du finalaurreetan jaso dituen epaiei dagokionean. Gernikan egin zuen saioak jasotako emaitzak, ni behintzat, zur eta lur utzi ninduen. Zortziko eta hamarreko txikietan oso ondo (erdarakaden langa non jartzen dugu? Horra eztabaida) eta kopletan bikain aritu ondoren, Deziman botatako lehen biak oso goi mailakoak iruditu zitzaizkidan. Hirugarrenean ez zuen potorik egin, errima solte bat utzi bai (lapsusa agerikoa zen, hala ere), baina ulertzen dut zaila dela hori epaitzea. Epaileak busti egin ziren eta 4,8-ko batezbestekoa jarri zioten oiartzuarraren lanari. Kuriosoa oso duela bi urte Ilunben 8tik gora baloratua izan zela ikusita.

Sustrai Colina espezialista da finaletan justu-justu sartzen. Finalaurreko bi saioak irabazita ere, ez du txartela ziurtatu oraindik. Gernikan pixka bat sufritu zuelakoan nago. Baina bertsotan erregular eta goi mailan egiteko gai dela erakutsi zuen, beste behin. Urruñarrak badu gustatzen zaidan ezaugarri bat: oportunismoa. Gertatzen denari adi, badaki abaguneak baliatzen (Gogoratu 2001eko finaleko argien joan-etorri hura), eta hamarreko txikian nahiz kopletan halaxe egin zuen. Kartzelan sinesgarri izatetik urrun geratu zitzaidan.

Sinesgarriagoa izan zen Miren Amurizarena. Saioan gorabeheratsu jardun zen, hamarreko nagusian eta kopletan pixka bat behera eginda, baina Txapelketa honetan egin duen lanaz oso harro egon daiteke berriztarra. Eskenatoki gainean duen jarrera eta erakusten duen naturaltasuna harrigarriak dira. BECen sartzeko arrisku latza du…

Jone Uriari, pena da, baina saioa soberan geratu zitzaion. Ziurrenik, mentalitatez ere ez zelako horretara joan. Asteleheneko matematika azterketan zegoela zirudien Jai-Alaiko oholtzan baino. Bere bertsokeraren formula, dena den, ez da matematiketatik eratorria. Hori ez baitute eskolan irakasten. Lehen entzunaldian dirudiena baino askoz ere bertsokera bereziagoa du algortarrak. Gaiei bigarren buelta bilatzen die, eta umorea egiteko bide zailenak jorratzen ditu. Horrelako bertsolariak, ez dakit “elitea”-ren merkatuan, baina bestelakoetan behintzat bai, arnasa bezain beharrezkoak dira. Bertsolaritza Txapelketa baino zerbait gehiago dela badakite, are gehiago oraindik.

“Zerbait esan eta orduan min” dio Igor Elortzak. Nire iritzi merkeek bat baino gehiago minduko zuten. Ez ditut asmo horrekin eman. Nik ere, beste horrenbestek bezala, bertsolariak miresten ditut, eta batzuk besteak baino gehiago, baina denak estimatzen ditut. Dena dela, horren gainetik, ez al zaizue iruditzen ordua dela bertsolaritzan tabu diren hainbat gaiz hitz egiten hasteko?

  • Bertso saio hautatuak bertsoplaza.tv-n
  • BARAKALDO

    Bertsolaria Puntuak
    Maialen Lujanbio 1630,75
    Amets Arzallus 1582
    Jon Maia 1060
    Andoni Egaña 1058
    Unai Iturriaga 1046,25
    Sustrai Colina 1037,5
    Aitor Mendiluze 1009,25
    Aitor Sarriegi 983,75
  • Eskura ezazu txapelketari buruzko informazioa sakeleko telefonoan eskuratzeko argibideak


Iradoki Presentzia & Komunikazioa